Etxeko agertokian eta etxekoen eskutik, 'Kaka'

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 20a

Xanti Agirrezabala, Erika Olaizola, Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe aktoreak. (Holy Fire Studio)

AEK-Korrikaren sorkuntza beka jaso duen Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren Kaka obrarekin bukatuko dira datorren igandean Azpeitiko 43. Euskal Antzerki Topaketak. Aurretik ere izango da Topaketetan bi obra ikusteko aukera. Gaur estreinatuko du Adarbakarra lana, Maite Aizpuru zumaiarrak, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean.

Kaka antzezlanari iritsi zaio herriz herri, agertokiz agertoki, aurkezteko garaia. Atzo, azaroak 19, estreinatu zuten obra hori Donostiako Antzoki Zaharrean, bihar ostirala egingo dute Zumaiako Aita Marin, eta igandean, Azpeitiko Soreasun, 43. Euskal Antzerki Topaketen azken egunean. AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza Beka jaso du Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore azpeitiarrek sortutako obrak, eta 24. Korrika Kulturalaren barruko ekitaldi nagusia izango da.

Soreasu antzokian entsegua bukatu berritan hitz egin du Gukak Agirrezabalarekin eta Olaizolarekin. Irudi batek eragindako ideia batetik sortu zuten Kaka, Agirrezabalak azaldu duenez. "Aspaldi Ane Arenasekin izandako ideia baten irudia elkarbanatu zuen Erikak nirekin. Irudi horretan, herriko plazan kaka mokordo bat azaltzen zen. Irudi horrek eragindako ideiatik tiraka hasi, eta orain esku artean dugun ordu eta laurdeneko obra sortu dugu". Bi urteko sorkuntza prozesuaren ondorio da Kaka, eta bide horretan "jende askorekin eta lan asko" egin dutela diote bi aktoreek.

Antzezlan baten proiektuak dituen zati denetan parte hartu dute, gainera. Hala dio Olaizolak: "Sorkuntza lanaz gain, ekoizpeneko lan guztiak egin ditugu guk: diru laguntza gehiago eskatu, txosten asko osatu eta bestelako lan asko. Alde artistikoari dagokionez, berriz, testua biok eta Kepa Errastik egin dugu. Gu oholtzan egoteko, hain gustukoak ez ditugun beste lan batzuk egitea egokitu zaigu". Hori guztia egin dute aktore izatea gustuko dutelako, lan horretan "disfrutatzen" dutelako.

Kaka antzezlanean kontatzen den istorioa gau batean, herri bateko plazan, gertatzen da. Lau pertsonaia –Xanti Agirrezabala, Erika Olaizola, Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe aktoreek gorpuzten dituzte– gatazka baten bueltan korapilatzen dira, eta beraien arteko endredoa azaleratuko da. Antzezlana "arina eta dibertigarria" dela aurreratu du Agirrezabalak: "Kaka da literalki, kaka da metaforikoki, kaka da gugan, gure harremanetan, plazan". Istorioko korapiloa nola askatzen den jakiteko, igandean Soreasura joan beharko da, eta horretara gonbidatu dituzte herritarrak aktoreek.

Etxean bezala

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan aritzeak eta lana han aurkezteak "ilusio berezia" egiten die biei. Topaketen 43. edizioan aurrez ere aritu dira Soreasuko agertokian bi aktoreak; izan ere, Renata antzezlana taularatu zuten azaroaren 2an. Beraz, igandean, "etxean bezala" ariko dira. "Umetatik bizi izan ditugu Euskal Antzerki Topaketak gertutik, era batera edo bestera. Askotan izan gara plaza horretan, eta ezagutzen dugu. Ilusioa egiten digu bai bertan aritzeak, baita aurtengo Antzerki Topaketak itxiko dituen azken emanaldia gurea izateak ere".

Kaka lana herriz herri erakusten hasteko gogoz daude, emozioz. Sorkuntza lana jendearekin elkarbanatzeko momentua dela diote, "feedbacka jasotzekoa". Orain hasiko dira deskubritzen "zer izaera, zer erritmo" hartzen duen lanak, Olaizolaren arabera: "Guretzat eta jendearentzat egiten dugu antzerkia, bi aldeen arteko jolas bat da, eta partekatzea beharrezkoa da".

Antzerkizale berriak bilatzeko eta jendea antzerkira animatzeko, gaur bi solasalditan parte hartuko dute Agirrezabalak eta Olaizolak, Azpeitian: aurrena Gaztelekuko gazteekin bilduko dira, eta segidan, Udal Euskaltegiko ikasleekin.

Korrika Kulturalaren barruan, martxora arte hainbat udalerritan egingo dute Kaka, baina hortik kanpo ere kontratazioa zabalik dutela adierazi dute.

Topaketetako azken lanak

Gaur, azaroak 20, osteguna.
- Adarbakarra antzezlana, Infinitu Dramarekin. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Adarbakarra lana gaur estreinatuko dute Maite Aizpurua aktore zumaiarrak eta Garazi Navas akordeoilari usansolotarrak. Literatura, antzerkia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna da Adarbakarra.

- Kaka antzezlaneko aktoreekin solasaldia, Gaztelekuan eta Euskaltegiko ikasleekin.

Bihar, azaroak 21, ostirala. Burugabeak antzezlana, Eromen elkartearekin. 19:00etan, Soreasu antzokian.

Azaroak 23, igandea. Kaka antzezlana, 19:00etan, Soreasu antzokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide