Atzo, asteazkena, Urola ibaiaren bilakaeraz, egungo egoeraz eta aurrera begirako aurreikuspenez aritu ziren Azoka Plazako aretoan, Azpeitiko Udalak antolatutako solasaldian. Ordu eta erdi inguruko saioan, landarediak ur emarian duen eraginaz, ibaiaren azterketak utzitako emaitzez eta berriki egindako esku hartzeez zein egin asmo dituztenez hizketan jardun ziren Ura agentziako Iñigo Citoresek, Basoinsa enpresako Mikel Sarriegik, Aitor Larrañaga EHUko irakasleak eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.
Urola ibaiaren egoerak herritarrei interesa pizten dielako antolatu zuen hitzaldia udalak. Izan ere, Azpeitia erdi-erditik zeharkatzen duen ibaia azken urteetan asko aldatu da; "nagusiki onerako –duela urte batzuk baino garbiago datoz urak–", baina aldaketa batzuek herritarren artean kezkak eta zalantzak sortu dituztenaren jakitun da erakundea.