Aspe enpresarekin duen kontratua bi urterako berritu du Egiguren V.ak

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 22a

Egiguren V.a partida batean. (Aspe)

Aurrelari azpeitiarrak 2027ra arte segituko du Eibarko esku pilota enpresan. Beste sei pilotarik ere berritu dute kontratua; batzuek 2028ra arte. Egiguren V.ak 2019an egin zuen profesionaletan debuta, Asperekin.

Julen Egiguren Egiguren V.a pilotariak Aspe pilota enpresan segituko du beste bi urtez. Gaur jakinarazi du Aspek zazpi pilotarirekin kontratua berritzeko akordioa itxi duela, eta tartean da azpeitiarra. Hain zuzen ere, 2027ra arte jarraituko du Eibarko esku pilota enpresan aurrelariak.

Egiguren V.ak ez ezik, 2027ra arte luzatu dute kontratua Xabi Erostarbek eta Joseba Aldabek. Halaber, urtebete gehiagorako –2028ra arte– sinatu dute kontratu berria Aitor Elordik, Iñigo Bikuñak, Arkaitz Gabirondok eta Iker Salaberriak.

Azpeitiak 2019ko ekainean, San Joan egunez, egin zuen profesionaletan debuta, Eibarko Astelena pilotalekuan. Harrezkero, hainbat partida jokatu ditu gorengo mailan, eta balentria batzuk egin ere bai. Zehazki, promozio mailako Binakako Txapelketan azpitxapeldun izan da aurten, eta maila horretan azpitxapeldun izana da Lau eta Erdiko Txapelketan.

Pilotako ibilbidea, berriz, Azpeitiko Ilunpe elkartean hasi zuen Egiguren V.ak, eta behin baino gehiagotan jantzia da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako txapela.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide