Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek, tartean Ikasberrik, protesta eguna deitu dute asteazkenerako, eta horren harira, ikastolako langileek itxialdiak egingo dituzte etzi iluntzean. Ikastolek salatzen dutenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta LAB sindikatuak 2023ko ekainean sinatutako lan akordioak "bete gabe" jarraitzen du. Mobilizazioarekin, beraz, "hitzarmenean jasotako konpromisoak bete ditzan" exijitu nahi diote Jaurlaritzari.
Akordio horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango duten neurriak jasotzen ditu. Esaterako, Hezkuntza Sailak langile ororen soldatak parekatzea eta lan baldintzen homologazioaren azterketa egitea jaso zuten akordioan.
Soldaten gaiari dagokionez, LABek dio Hezkuntza Saila "iskin" egiten ari dela langile batzuen soldata parekatzeari, "sinatutako akordioan parekatzea guztientzat izango zela jaso bazen ere". Lan baldintzen homologazioa ere ez da egin, "ezarritako epeak aspaldi gaindituta egonda ere". Hori horrela, azterketak "lehenbailehen" gauzatzeko eskatu du sindikatuak.
"Ondorio larriak"
LABek esan duenez, akordioan jasotakoak ez betetzeak "ondorio kaltegarriak" ditu ikastoletako langileengan, "bai lehendik onak ez ziren baldintzetan, bai eguneroko lanean ere". Egoeraren aurrean, sindikatuak mobilizazio dinamika abiatu zuen aurreko ikasturtean, lan akordioa "blokeatuta" dagoela salatzeko. "Zoritxarrez", egoerak bide beretik jarraitzen duela jakinarazi du. "Horregatik, protestan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen", gaineratu du.
Kasu honetan, itxialdiak deitu dituzte etzirako, azaroak 26. Azpeitiko Ikasberri ikastolan ere bat egingo dute protestarekin, eta itxialdia egingo dute etzi gauean, 20:00etatik aurrera. Bertan elkartzen diren langileek hausnarketa ariketa egingo dute.
LABeko ordezkariek azpimarratu dute hezkuntza sistemaren eraikuntzan jarraituko dutela, ikasleei "eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaintzeko". Horretarako, baina, beharrezkoa da akordioan sinatutakoa betetzea. Ildo horretatik, ikastolek argi eta garbi utzi nahi izan dute ez dutela amore emango: "Borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak dagokiguna eman arte!".