Argi-ilunak utzi ditu azken futbol jardunaldiak ere Lagun Onaken talde nagusientzat. Aurrekoan etxean bezala, azken jardunaldian etxetik kanpo ere Lagun Onaken Ohorezko Erregional Mailako taldeak hiru puntuak batu ditu, Aiztondori 0-2 irabazita; Espainiako Hirugarren Mailakoak, aldiz, 1-0 galdu du Zamudion (Bizkaia).
Ohorezko Erregional Mailako sailkapenaren azken tokian eta puntu alerik gabe jarraitzen duen Aiztondoren zelaian jokatu zuten Lagun Onakeko emakumeek ligako hamargarren jardunaldiko neurketa. Lehen zatian erakutsi zuen nagusitasunari etekina atera zion Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak zuzentzen duten taldeak, eta atsedenaldiaren aurretik pilatutako abantailari esker lortu zuten denboraldiko bosgarren garaipena. 5. minutuan egin zuen lehen gola Azpeitiko taldeak: Elene Uriak emandako pasea baliatuz, atezainaren gainetik bidali zuen baloia sarera Amane Goenagak. Hasi eta bukatu izan zen nagusi Lagun Onak lehen zatian eta gol aukera ugari izan zituen, bitan bakarrik asmatu arren. Hain zuzen ere, 22. minutuan egin zuen bigarren gola: Uriaren beste pase bat, eta Joane Kortak ez zuen aukera alferrik galdu. Hamar jardunalditan hamar gol egin ditu Kortak eta ligako pitxitxia da uneotan. Bigarren zatian jaitsi egin zen Azpeitikoen maila. Baloia eta jokoa menderatzea kostatu zitzaion Lagun Onaki. Gol aukeraren bat izan arren, ez zuten hirugarrena egiterik lortu bisitariek; etxekoek ere abagune oso argirik ez zuten izan, baina nahi gabe estutasun gehiago pairatu zituen Azpeitiko taldeak neurketaren azkenaldian. 17 puntu ditu Zubizarretaren eta Segurolaren taldeak eta bederatzigarren postuan dago, bat aurretik dagoen Bergararen puntu kopuru berarekin. Datorren asteburuan, Oiartzun B hartuko du Lagun Onakek Garmendipen.
Emakumeen talde nagusiak jarraian bi garaipen batu baditu, gizonenak bi porrot jaso ditu segidan, eta biak sailkapenaren zuloan dabiltzan taldeen kontra. Aurrekoan Santurtziren kontra Garmendipen 1-2 galdu zuen Jose Luis Riberaren taldeak, eta joan den asteburuan, jaitsiera postuetan dagoen Zamudioren zelaian 1-0 galdu du. Porrota bereziki mingarria izan da Lagun Onakentzat, neurketan zehar jokoz gehiago eta zelaian nagusi izan zelako Azpeitiko taldea, baina aurkariaren atera inguratutakoan argiak itzaltzen zitzaizkien Lagun Onakekoei: Zamudiokoen atezaina izan zen partidako jokalari nabarmenena. Riberaren gizonen nahia eta ezina are nabarmenagoa izan zen partida erabaki zuen golaren atarian: Leundak kanpokoen gol aukera argienean baloia zutoinera bidali, eta hurrengo jokaldian egin zuen gola Zamudiok, 74. minutuan. Saiatu arren, markagailua berdintzerik ez zuten lortu Azpeitikoek. Hamabi jardunalditan, sei partida irabazi eta sei galdu ditu Lagun Onakek; 18 punturekin, seigarrena da sailkapenean.
Sorazu eta Odriozola, selekzioarekin
Datorren asteburuan ez dute liga jardunaldirik jokatuko Lagun Onaken gizonen talde nagusikoek. Hirugarren Mailako selekzio autonomikoaren txanda izango da, eta Lagun Onakeko bi jokalari daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beren mailako selekzioaren deialdian: Jon Sorazu eta Unax Odriozola.
Abenduaren 7an itzuliko da Lagun Onak Garmendipera, Aretxabaletaren kontrako partidan (18:00).