Lagun Onak mendi bazkunak jakinarazi du udazkeneko Mendi Astearen egitaraua. Abenduaren 9tik 11ra, proiekzio-solasaldi bana eskainiko dute Imanol Murok eta Mikel Txintxurretak, Egoiz Arrutik eta Carlos Soriak. Lehen bi egunetakoak –Murorena eta Txintxurretarena, eta Arrutirena– Mendietxe museoan egingo dituzte, eta Soreasu antzokian ariko da Soria. Hitzordu guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doan izango da.
Abenduaren 9an, asteartea, Kirgizistango mendietan barrena izeneko proiekzioa aurkeztuko dute Murok eta Txintxurretak. 2025eko Joxe Takolo beka jaso zuten bi donostiarrek joan den maiatzean Kirgizistanen gauzatu duten espedizioaren proiektuarekin, eta espedizio horren berri ematera itzuliko dira bi aste barru Azpeitira.
Abenduaren 10ean, asteazkena, etxekoaren txanda izango da. Arruti azpeitiarrak bere Basografia, basoari begirada ikus-entzunekoa eramango du Mendietxera.
Eta abenduaren 11n, osteguna, Soria mendigoizale espainiar beteranoak itxiko du udazkeneko Mendi Astea, Soreasun, Manaslu 86 urterekin saioan.