Errepidea asfaltatuko dute Enparangain eta Antzibarrena eremuetan

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 26a

Enparangaingo bidegurutzea. (Azpeitiko Udala)

Batetik, Enparangaindik Odria auzorako sarbideko errepide zatia asfaltatuko dute astelehenean hasita; bestetik, Antzibarrenako lurzoru zati bat. Lanok egiten dituzten bitartean itxita izango dira errepideak. Aurrerago Sanjuandegiko zenbait gunetako zein Esklaben eta igerilkuaren arteko zubiko zorua konponduko ditu udalak.

Azpeitiko zenbait kaletan asfaltatze lanak egiteko esleipenak eginak ditu udalak, eta bi lekutan bihar hasiko dira horretan. Enparangain inguruan, Odria auzorako sarbideko zorua konponduko du erakundeak, baita eremu horretako seinaleztapena hobetu ere. Bestalde, herrigunetik kanpo, Antzibarrena inguruan asfaltatuko dute errepidea. Bi lan horiek Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu.

Enpresa horrek bihar ekingo die prestaketa lanei, baina errepidea asfaltatzen astelehenean hasiko dira. Gainera, lan hori egiten duten bitartean itxita egongo da errepidea bi eremuetan. Udalak azaldu duenez, lanen ondorioz, Antzibarrenan ez dute aurreikusten aparteko eragozpenik sortuko denik, baina Odriako bizilagunek kontuan izan beharko dute auzora ezingo dutela Enparangain aldetik joan.

Halaber, aurrerago, Sanjuandegi auzoko zenbait zati nahiz Esklaben zein igerilekuaren artean dagoen zubia konpontzeko lanak egingo dituztela jakinarazi du erakundeak. Konponketa horiek egiteko lanak esleituta ditu dagoeneko udalak, baita zenbait baserribide konpontzekoak ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide