Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan asteazkenerako deitu zituzten protestekin bat egin dute bart Azpeitiko Ikasberriko langileek, eta ikastolan igaro dute asteazkenetik ostegunerako gaua. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren konpromiso falta bistaratzea izan da mobilizazio honen helburua, izan ere, beharginek gaitzetsi dutenez, ez ditu bete 2023an LAB sindikatuarekin sinatu zuen lan hitzarmenak jasotzen dituen konpromisoak.
Akordio horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sare guztietako langileengan eragina izango duten neurriak jasotzen ditu. Esaterako, Hezkuntza Sailak langile ororen soldatak parekatzea eta lan-baldintzen homologazioaren azterketa egitea jaso zuen. Alta, LABek dio Hezkuntza Saila "iskin" egiten ari dela langile batzuen soldata parekatzeari, "sinatutako akordioan parekatzea guztientzat izango zela jaso bazen ere". Hori horrela, itxialdien bitartez, akordioan hartutako konpromisoak lehenbailehen gauzatzeko eskatu diote ikastoletako langileek Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailari.
Ikasberrin, aipatu akordioan sinatu zituzten baldintzen urraketen inguruko informazioa eskaini zuten asteazken iluntzean, eta ondoren, afaria egin zuten. Gaur goizean, bestalde, elkarretaratzea egin dute. "Ikastolako langileok herri honek behar duen Hezkuntza Sistemaren eraikuntzan jarraitu nahi dugu, eta gure ikasleoi eskubidez dagokien hezkuntza duina eskaintzen. Hori, langileen lan baldintzekin lotuta dago ezinbestean", adierazi du LABek ordezkatzen duen langile batzordeak.