Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa nahiz Gaua filmak emango dituzte igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Haurrei zuzendutako animazio lana da lehenengoa, igandean eskainiko dute, 16:30ean hasita. Egun berean eta astelehenean, 19:30etik aurrera, Paul Urkijok zuzendu duen Gaua pelikula emango dute. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.
Norvegian egindako filma da Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa, eta Are Austnes, Yaprak Morali eta Rasmus A. Sivertsen dira lan horren zuzendariak. Raven eta Pinky lagunen itsas bidaia kontatzen du filmak. Sablehortz kapitain berldurgarriarekin nabigatuko dute, harik eta Greleko kondesak eraso egingo dien arte, Raven eta Pinkyren arteko laguntasuna kolokan jarriz.
Gaua lana, berriz, Paul Urkijo Gasteizko (Araba) zinemagileak zuzendu du, eta Erika Olaizola azpeitiarra da pelikulako aktore taldeko kideetako bat. Beste behin ere, fantasiaren eta euskal mitologiaren munduak nahastu ditu Urkijok, eta XVII. mendera eramango du ikuslea, sorgin ehizaren garaira. Kattalin da istorio honetako protagonista. Basoan galduko da, senarrarengandik ihesi etxetik alde egin ostean, baina zuhaitzen artean hiru emakume maitagarrirekin egingo du topo. Arropa garbitzen duten bitartean, herriko kondairak eta ipuinak kontatuko dizkiete elkarri, eta Kattalinen harritu egingo da ipuin horietako protagonista bera dela ohartzean.