Udalak jakinarazi duenez, Energia Bulegora jo duten herritarrek argindarraren fakturan hilean batez beste 15,5 euro aurreztuko lituzkete bulegoko kideek emandako gomendioei kasu egingo baliekete. Izan ere, erakundeak adierazi duenez, emaitzek erakusten dute eguneroko ohituretan egindako aldaketa txikiek eta tarifa energetikoen optimizazio egokiak etxeetako ekonomian eragin nabarmena izan dezaketela, bereziki eskaera termikoa handien den hilabeteetan. "Gure helburua da herritarrei energia kontsumo eraginkor eta bidezko baterantz joaten laguntzea, informazio argia eta objektiboa eskainiz, erabaki arduratsuak har ditzaten", azaldu du Joanes Amenabar udaleko Ingurumen batzordeburuak.
Doako zerbitzua eskaintzen dute Energia Bulegoan, "inpartziala eta herritar guztiei zuzendutakoa". Argindarraren faktura aztertzeaz gainera, etxebizitzaren kontsumo energetikoaren inguruko orientazio pertsonalizatua ere eskaintzen du bulego horretako teknikariak. Hitzordua hartuta joatea gomendatzen da, eta horretarako edo bestelako informazioa eskatzeko, 943-11 98 06 telefono zenbakira deitzeko, energia@azpeitia.eus helbide elektronikora idazteko edo bulegora bertara joateko aukera dute herritarrek. Bulegoa Done Jakue kalean (Frontoi Txiki ondoan) dago eta astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan 10:00etatik 14:30era eta ostegunetan 17:00etatik 19:30era egoten da zabalik.