Azpeitiko Udalak Euskaren Eguna baliatu du aurtengo Hizkuntzen Ginkanako sariak banatzeko. Biele enpresako Nagore Agirrezabala izan da irabazlea, eta Aitor Larrañaga Euskara batzordeburua eta Alaitz Imaz Eleguneko teknikaria lantegira bertara joan dira saria ematera. Irabazleak 100 euroko saria irabazi du Azpeitiko Bertan merkatari elkarteko dendetan gastatzeko.
Azpeitiko Udalaren Elegune zerbitzuaren erabiltzaile diren sei enpresa hauetako langileek parte hartu dute aurten Hizkuntzen Ginkana lehiaketan: Abelur, Biele, Iraurgi Berritzen, Kulturaz kooperatiba, Landeta Burdin Lanak eta San Martin egoitza. Urrian eta azaroan, galdera bana bidali diete astero, eta enpresa horietako langileek galdera horiei erantzun behar izan diete.
Parte hartzaile guztien artean 50 euroko beste sari bat ere zozketatu da, eta hori Kulturaz Kooperatibako Garazi Lazkanori egokitu zaio.
