Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arteko herriko ikastetxeetako ikasleek Euskararen Eguna ospatu dute gaur, eta euskaraz bizitzearen eta ikastearen aldeko aldarriak zabaldu dituzte ikasgeletan, korridoreetan eta eskolako atarietan.
Iraurgi ikastetxean Rokitxoren ongietorriarekin eta trikitilarien doinuekin hasi dituzte Euskararen Eguneko ekintzak, giro alaia eta parte hartzailea sortuz. Segidan, adin tarte bakoitzerako ekintza bereziak egin dituzte. Haur Hezkuntzan ipuin konaketa saioak eta Euskararen Altxorraren Bila jarduera gauzatu dute. Lehen Hezkuntzako ikasleek, besteak beste, Hitz kutuna horma-irudi kolektiboa sortu dute, euskararen inguruko Tribialean eta hizki zopa jolasetan ibili dira edota euskararen aldeko sormen tailerrean parte hartu dute kartelak sortuz. Arratsaldean, berriz, herri kirolak, aurpegi margoketa eta bingo musikatua egin dituzte. DBH eta batxilergoko ikasleek aste osoan zehar euskal musikarien inguruko ezagutza lantzen jardun dute jolas dinamikoen bidez.
Izarraizpe Ikastola Publikoan ere, ikasleeekin aste osoan zehar ari dira Euskararen Egunari lotutako ekintzak lantzen, hala nola Tinko programaren barruan Irati filma ikusiko dute, Euskal Jokuetan arituko dira eta jolasean aritzeko tartea ere hartu dute Mihiluze, Kahoot, Euskatergoriyek edota Hika eizank jolasen bidez. Horiez gainera, ipuin kontaketak, txokolate jana, herri kirol saioa eta beste hainbat ekintza egingo dituzte astea bukatzerako. Kontzientziazioan eragiteko, berriz, Azpeitiko Euskara Mahaiak argitaratutako esketxen inguruan dinamikak egingo dituzte, baita Pantailak Euskarazen Urak eginen du bide dokumentala landuko ere. Ospakizunerako eta hausnarketarako tarteak hartuko dituzte, euskararen erabileran, kontzientziazioan eta euskal kulturaren ezagutzan eragiteko.
Azpeitiko Ikastola Ikasberrin goizean goizetik hasi dituzte ikasleek, irakasleek eta hainbat gurasok parte hartu duten Euskararen Eguneko ekintzak. Batxilergoko bigarren mailako ikasleek pregoia irakurri dute eguneko ekintzei hasiera emateko, eta ondoren, maila guztietako ikasleek Euskal Herrian euskaraz abestu dute elkarrekin. Segidan, askotariko ekintzak egin dituzte ikastolako ikasgeletan eta txokoetan banatuta: ipuin kontaketak, aurpegi margoketak, mahai-jolasak, kirol lehiaketak eta abar. Tartean, gurasoek prestatutako hamaiketakoa jateko aukera izan dute ikasleek. Eguerdian, berriz, Batxilergoko lerhen mailako ikasleek prestatutako bazkariaz gozatzeko aukera izan dute DBHko eta Batxilergoko ikasleek. Bazkalostean, Batxilergoko bigarren mailako ikasleen ikuskizuna izan da. Euskararen Eguneko ekintzak euskal kirolak eginez bukatu dituzte.