Eusko Jaurlaritza onartzear den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) kontra legezko neurriak hartuko dituela iragarri duen LPS honi ez! dinamika aurkeztu dute gaur, osteguna. Ia 40 erakundek osatzen dute egitasmo berria, horien artean, Sañu Bizirikek.
Plataformak dio Jaurlaritzaren LPSak energia berriztagarriekin negozioa egiten duten enpresei eta haien “espekulazio interesei” erantzuten diela, eta ez lurralde antolamendu koherenteari eta klima aldaketaren aurkako borrokaren helburuei. Izan ere, dinamikako kideen arabera, LPS horrek eskala handiko parke eoliko eta fotovoltaikoen "hedapen masiboa" bultzatzen du, eta horrek "landa eremuen suntsiketa ekarriko du".
LPS honi ez! dinamika osatzen duten eragileen iritziz, lurraldearen antolaketak bi helburu nagusi izan beharko lituzke: batetik, "balio ekosistemiko, kultural eta sinboliko handiko eremuak babestea", eta bestetik, herritar guztien "ongizate kolektiboa hobetzeko baldintzak sortzea". Bada, segurtatu dute Jaurlaritzak "kontrako norabidean" diseinatu duela plan sektoriala.
Hori baieztatzeko hainbat arrazoi eman dituzte. Adierazi dute Jaurlaritzak gauzatu asmo duen energia berriztagarrien hedapenak ez duela zalantzan jartzen gaur egungo kontsumo eredua; aitzitik, "energiaren eskaera gero eta handiagoaren logikan" kokatzen dela. Gainera, plan sektorialaren onarpen prozesuaren "izaera antidemokratikoa" salatu dute: "Herri mugimenduek adierazitako oposizioa, erakunde zientifikoen irizpideak eta aurkeztutako 4.000 alegaziotik gora kontuan hartu gabe egin du aurrera".
LPSa, auzitara
Energia Berriztagarrien LPSa atzera botatzeko asmoak elkartu ditu ia 40 erakunde ekologista eta sozial LPS honi ez! egitasmoan, eta helburu horri jarraitzeko, iragarri dute plan sektoriala auzitara eramango dutela.