Klima eta Energia Planaren bueltako saio irekia egingo du udalak asteartean

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 5a

Izarraizko Atea parkeko ur putzua.

Plana osatzen ari da udala, eta informazioa elkartrukatzeko nahiz herritarren ekarpenak jasotzeko egingo dute bilera, 18:30ean hasita, Basazabal jauregian. Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak eta Izadi 21 ingurumen aholkularitza enpresako kideek emango dituzte azalpenak. 

Azpeitiko Klima eta Energia Plana osatzeko prozesuan murgilduta da udala, eta plan horri buruzko informazio saio irekia antolatu du erakundeak astearterako. Basazabal jauregian egingo dute bilkura, 18:30ean hasita, eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak eta Izadi 21 ingurumen aholkularitza enpresako kideek emango dituzte azalpenak.

Azaroan, galdetegi baten bidez, herritarrek mugikortasun jasangarriari, energia kontsumoari, berdeguneei, hondakinen kudeaketari nahiz beste zenbait gairi buruz duten iritzia jaso zuen udalak, eta astearteko hitzorduan azalduko dituzte galdetegi horren emaitzak.

Dena den, saioa ez da soilik informazioa emateko eta jasotzeko izango. Iritziak eta ekarpenak ere jaso nahi ditu udalak, 2026 eta 2027 urteetan erakundeak zer gairi edo ekintzari lehentasuna eman erabakitzeko. Halaber, herritarrek gaiaren bueltako mahai edo erabakigune iraunkor batean parte hartzeko interesik ba al duten ere jakin nahi du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide