Sokamuturrarekin agurtu dituzte Landetan aurtengo saneloiak

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 6a

Jende asko bildu da arratsaldean Landetan sokamuturra ikustera nahiz zezenean ibiltzeko. Albara ganadutegiko zezenekin batek baino gehiagok ezustekoa ere hartu du, eta hesi bat ere puskatu du zezen batek.

Festan bi asteburu igaro ondoren, datorren urtera arte agurtu dituzte saneloiak Landeta auzoan. Sokamuturra izan da arratsaldean Landetan, eta jende ugari bildu da sokamuturra ikustera eta zezenean ibiltzera.

Albara ganadutegiko zezenak atera dituzte 16:30etik 18:30era artean. Zezenek ezusteko bat baino gehiago eragin dute, pertsona bat baino gehiago harrapatu dituzte eta hesi bat ere puskatu dute. Dena den, harrapatutakoek ez dute artatzerik behar izan eta puskatu duten hesiaren atzean ez zegoen ia inor, eta ganaduzaleek sokamuturra gelditu eta hesi berria jarri dute.

Gaur eguerdian ere Landetan izan da zer ikusia, azoka eta animalien erakusketa egin dituzte, eta haurrek Lopene ganadutegiko ponietan ibiltzeko aukera izan dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide