Gaur erabaki da Azpeitiko Erremonte Txapelketaren 24. aldiko txapela Ansa II.arena eta Eskuderorena izango dela. Eguerdian jokatu da erremonteko jaialdia Izarraitz pilotalekuan, eta Ansa II.ak eta Eskuderok 2 eta 1 irabazi die Goikoetxea V.ari eta Juaneneari. Bikote irabazleak 13-15-8 emaitzak egin ditu, eta txapeldunorde izan den bikoteak 15-14-5.
Final handia izan da gaur Izarraitzen jokatu dutena, parekatua eta pilotakada askokoa.
Jaialdia osatzeko, finalaren aurretik erremonteko beste partida bat jokatu da, eta aurreneko neurketa hau Jabalerak eta Azpizorek (15-8-8) irabazi dute Aldaberen eta Larrañagaren (14-15-5) aurka.
Izarraitz pilotalekuko harmailetan 150 lagun inguru bildu dira finala ikusteko.
Berrikuntzekin jokatu da aurtengo Azpeitiko erremonte txapelketa. Bi jaialditan erabaki dira txapeldunak: azaroaren 30ean jokatu ziren finalaurrekoak eta gaur finalak. Bestalde, ordutegi aldaketa ere izan da aurtengoan, bi jaialdiak igandez eta eguerdian, 12:00etan hasita, jokatu baitira.
(Argazkiak: Maialen Andres/Oriamendi2010)