Zestoako sei auzipetuei babesa adierazi die Azpeitiko Feministen Sareak eta mobilizatzera deitu du

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 9a

Azaroaren 25ean Feministen Sareak deituta Azpeitian egin zuten mobilizazioa. (Nerea Uranga)

Abenduaren 16an Zestoako sei bizilagunen kontrako makroepaiketa hasiko da Donostian. Akusatuetako baten bikotekide ohiak 2018an abiatu zuen sei herritarren kontrako prozedura judiziala, eta zazpi urte eta gero, "elkartasun feminista" epaituko dutela salatu du Zestoako Mugimendu Feministak. Azpeitiko Feministen sareak babesa adierazi die auzipetuei, eta igandean Zestoan mobilizatzera deitu ditu herritarrak.

Azpeitiko Feministen Sareak babesa adierazi die abenduaren 16tik aurrera "elkartasuna adierazteagatik" Donostiako Auzitegian epaituko dituzten Zestoako sei bizilagunei, eta igandean 13:00etan Zestoan mobilizatzera deitu ditu herritarrak.

Zestoako gizon batek bere bikotekide ohia nahiz hura babestu zuten bost herrikide salatu zituen 2018an integritate moralaren aurkako nahiz derrigortze delituengatik, eta zazpi urte iraun dituen prozesu "latz eta bidegabearen" ostean, datorren astean hasiko den makroepaiketan "elkartasun feminista" epaituko dutela salatu du gaur, asteartea, Zestoako Mugimendu Feministak. Lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte akusatuentzat, eta egoera "larri" horren aurrean, Zestoako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du igande eguerdirako herriko plazan. Azpeitiko Feministen Sareak babesa adierazi dio deialdiari.

Datorren asteartean hasiko den makroepaiketan, salatzailearen bikotekide ohia izango da akusatuen aulkian eseriko denetako bat. Gainontzeko bostak, aldiz, "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" emakume hori babestu duten pertsonak dira, Zestoako Mugimendu Feministak jakinarazi duenez. Akusazioak eta fiskaltzak lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte akusatuen kontra derrigortze delituarengatik nahiz integritate moralaren aurkako delituarengatik; herriko talde feministak, aldiz, Donostian epaituko dutena elkartasuna izango dela ohartarazi du.

Mugimendu Feministak nabarmendu duenez, "asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoiengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere". "Ez da harritzekoa –gaineratu du–: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan?"

Mobilizatzeko dei bateratua

Zestoako Mugimendu Feministaren ustez, "elkartasunaren kontrako makroepaiketak" agerian uzten du, batetik, "sistema judizialaren oinarri heteropatriarkala", eta bestetik, "anaidien funtzionamendua". "Elkartasuna adierazteagatik sei herrikidek egoera jasanezina bizi behar izan duten bitartean, herrian normaltasunez eta inpunitate osoz ibili da erasotzailea urte hauetan guztietan. Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu genituen, eta herrian bizi dugun kasu honek ezin argiago erakusten du anaidia horien funtzionamendua", adierazi du taldeak.

Ildo horretatik, azpimarratu du "ezinbestekoa" dela "indarkeria matxista sostengatzen duten egitura eta mekanismo guztien aurka lerratzea". Hori dela eta, Elkartasuna ez da delitua lelopean elkarretaratzea deitu du iganderako, 13:00etan, Zestoako plazan. Zestoako Mugimendu Feministak egindako deialdiari babesa adierazi dio Azpeitiko Feministen Sareak, eta igandean mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Berdin egin dute Zarauzko Morroxkak eta Zumaiako Mugimendu Feministak, beraz, Urola Kostako gainontzeko herrietako bizilagunak deitu dituzte mobilizazio bateratuan parte hartzera.

"Elkartasuna ez da delitua eta ez dugu pauso bat atzera egingo: horrelako erasoei elkartasun gehiagorekin erantzungo diegu", agertu du Zestoako Mugimendu Feministak.

Halaber, akusatutako sei herrikideei babesa adierazteko asmoz, makroepaiketak iraun bitartean Donostiako Auzitegiaren aurrean elkartzeko deia egin dute talde feministek. Abenduaren 16an, 17an eta 18an egingo dituzte elkarretaratzeak, 09:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide