Soinuari lotutako esperientziak sortzeko asmoz Mikrouhinak zikloa antolatu du Kulturaz kooperatibak. Bi hilean behin tailer bat eskainiko du, bi edota hiru ordukoa eta bakoitza oinarri zehatz batekin. Tailer bakoitza teknika, diziplina edo parktika bati eskainiko diotela azaldu du Kulturazek. Zikloko aurreneko tailerra abenduaren 13an, larunbatean, izango da 10:00etatik 13:00etara, Dinamoa sormen gunean.
Larunbatean izango den tailerrean ahots teknikak landuko dituzte parter hartzaileek Maider Biguri abeslariak eta pedagoogoak gidatuta. Biguri Femmm Vocal Jazz, The Spolem Girls eta Koralai Ahots Taldeko abeslaria da. Tailerrean, norberaren ahotsak dituen aukerak eta ñabardurak esploratuko dituzte, ahots talde batean erabiltzen ikasiz. "Elkarren ahotsak batuta sortzeko espazioa izango da: tonua, bolumena, erresonantzia, ahotsen enpastea… eta batez ere, beldurra kentzeko lekua", azaldu dute tailerraren antolatzaileek. Saioan parte hartzeko ez da abeslaria izatea kontua ezta teknika perfektua edukitzea ere, "ahotsa askatzea eta taldean sortzen den soinuak dituen aukerak bizitzea" da helburua.
Tailerrean parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da honako loturan.