Gaur hasiko da Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako udazkeneko Mendi Astea, aurtengo Joxe Takolo beka jaso zuten bi mendigoizalen hitzaldiarekin. Mendietxen eskainiko dute Kirgizistango mendietan barrena proiekzio-solasaldia Imanol Murok eta Mikel Txintxurretak, 19:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da.
Bihar, berriz, etxeko baten txanda izango da: Egoitz Arrutirena, hain zuzen ere. Hark Basografia, basoari begirada ikus-entzunekoa eramango du Mendietxera. 19:00etarako jarri dute hitzordua.
Hirugarren eta azken solasaldia Carlos Soria espainiar mendigoizale beteranoak emango du, Manaslu 86 urterekin izenburupean, eta hain zuzen, solasaldi horrekin itxiko dute aurtengo udazkeneko Mendi Astea. Soreasu antzokian izango da hitzaldia, 19:00etan hasita.
Batzarra, ostiralean
Bestalde, ohiko legez, Lagun Onak mendi bazkunak urteko batzarra egingo du ostiralean, Mendietxen. 19:00etatik aurrera aurtengo ekintzen balorazioa eta balantzeko ekonomikoa egingo dituzte, baita datorren urteko ekintzen nahiz aurrekontuaren onarpena gauzatu ere. Halaber, Xoxoteko aterpearen kudeaketa eta zuzendaritza batzordea berritzea izango dituzte hizpide.
Batzarraren ostean afaria egingo dute hala nahi dutenek, Mendizaliek jatetxean, eta otordura joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Afariaren ordaina 25 eurokoa izango da.