Hasi da udazkeneko Mendi Astea

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 10a

Bi hizlariak atzo, hainbat lagunen aurrean azalpenak ematen. (Utzitakoa)

Imanol Murok eta Mikel Txintxurretak Joxe Takolo bekari esker Kirgizistanen barrena egindako espedizioa izan zuten hizpide. Gaur Egoitz Arrutiren txanda izango da, Basografia, basoari begirada ikus-entzunekoa aurkeztuko baitu.

Aurtengo Joxe Takolo bekari esker Kirgizistango mendietan barrena egindako espedizioaren gaineko azalpenak eman zituzten atzo Imanol Murok eta Mikel Txintxurretak Mendietxe museoan. Proiekzio-solasaldia tarteko, herritar ugari izan ziren Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako udazkeneko Mendi Asteko lehen hitzorduan.

Gaur Egoitz Arrutiren txanda izango da. Hark Basografia, basoari begirada ikus-entzunekoa eramango du Mendietxera. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da.

Hirugarren eta azken hitzordua, berriz, bihar izango da: Carlos Soria espainiar mendigoizale beteranoak Manaslu 86 urterekin izenburupean eskainiko du solasaldia. Sorasu antzokian izango da hitzaldia, 19:00etan hasita.

Mendi Asteko hiru hitzordu horien ostean, ostiralean, urteko batzarra egingo du Lagun Onak mendi bazkunak. Mendietxen egingo dute bilkura, 19:00etan hasita. Batzarraren ostean afaria egingo dute Mendizaliek jatetxean, eta otordura joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide