Datorren urterako kirol abonuen kuotek %5eko igoera izango dute

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 10a

Azpeitiko igerilekua.

Datorren urteko kirol abonuak berritzen hasiko da Azpeitiko Udala, eta dagoeneko jakinarazi du kirol kuotek %5eko igoera izango dutela. Urteko kuotan baja eman nahi duenak abenduaren 28ra arteko epea izango du horretarako.

Urtea amaitzear den honetan, 2026ko kirol abonuak berritzen hasiko da Azpeitiko Udala, eta hainbat ohar egin dizkie bakideei. Besteak beste, jakinarazi du datorren urteko kirol kuotek %5eko igoera izango dutela.

Udalak esplikatu duenez, Azpeitiko Kirol Saileko instalazioen bazkidetzan hobaria jasotzen dutenek agiriak (lan bizitza agiria, errenta aitorpena...) eguneratu beharko dituzte, datorren urteko abonuan hobaria jasotzen jarraitu ahal izateko. Agiri horiek abenduaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, eta hala egiten ez dutenek ez dute hobaririk jasoko.

18 eta 30 urte bitarteko bazkideek, kiroleko sendiko abonuan mantendu nahi badute, baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, ikasle matrikula aurkeztuta. Sendiko abonuan egoteko honako baldintzak bete beharko dituzte adin tarte horretakoek: 30 urtez azpikoa izatea, urtarrilaren 1ean denak etxe berean erroldatuta egotea eta diru iturririk ez izatea. Egiaztagiriak igerilekuko harreran edo adminisigerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikoan aurkeztu beharko dituzte.

Kirol abonamenduko 2026eko kuotan baja eman nahi dutenek, horretarako epea abenduaren 28ra artekoa izango dutela azaldu du Azpeitiko Udalak. Horretarako, baja orria aurkeztu beharko dute igerilekuko harreran. Baja eman ezean, 2026ko bazkidetza automatikoki berrituko du udalak.

Halaber, kuota ordainketa bakarrean egin nahi dutenek, hala adierazi beharko dute. Gainontzean, automatikoki hilabeteko kuoten bitartez egingo du abonuaren kobraketa udalak, aurrerantzean, %5 garestiago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide