Mendi Asteko hirugarren eta azken solasaldia, gaur

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 11

Herritar hainbat atzo Mendietxen, Egoitz Arrutiren azalpenak entzuten. (Mendietxe)

Joan zen irailean, 86 urterekin, Manasluko tontorra zapaldu zuen Carlos Soria eskalatzaile espainiarra izango da Soreasu antzokian (19:00). Atzo, berriz, Egoitz Arruti azpeitiarrak Basografia, basoari begirada ikus-entzunezkoa eskaini zuen. Bihar urteko batzarra egingo du Lagun Onak mendi bazkunak, Mendietxe museoan.

Udazkeneko Mendi Asteko hirugarren eta azken hitzaldia izango da gaur, ostegunez, Soreasu antzokian, 19:00etan hasita, eta gonbidatu berezi bat izango da han: Carlos Soria mendigoizalea. 86 urte ditu, eta aurtengo irailean Manasluko gailurrera igotzea lortu zuen. Hain zuzen ere, igoera hari buruz ariko da solasean gaurko hitzorduan. Eskalatzaile espainiarra da 60 urte beteta 8.000 metroko hamar mendi igo dituen pertsona bakarra.

Atzokoan, berriz, Egoitz Arruti azpeitiarrak Basografia, basoari begirada ikus-entzunezkoa eskaini zuen, eta gero, haren gaineko azalpenak eman zituen. Mendietxe museoan izan zen proiekzioa, eta hainbat lagun elkartu ziren. Herenegun, bestalde, aurtengo Joxe Takolo beka irabazi zuten Imanol Murok eta Mikel Txintxurretak Kirgizistango mendietan barrena egindako espedizioaren gaineko azalpenak eman zituzten museoan bertan.

Hitzaldietan azkena gaur bada ere, Mendi Asteko azken hitzordua bihar izango dute Lagun Onak mendi bazkunako kideek; izan ere, urteko batzarra egingo dute, 19:00etatik aurrera, Mendietxen. Gero, gainera, afaria egingo dute Mendizaliek jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide