Gabonetako azokaren bigarren edizioa egingo duzue bihar. Zer-nolakoa izango da?
Asun Esnaola: Azpeitia Gabon giroan murgilduko da bihar, tokiko merkatariak eta artisauak batuko dituen Ga- bonetako azokaren bigarren edizioarekin. Ekitaldia Bertan merkatarien elkarteak eta Artiekin Azpeitiko artisauen elkarteak antolatu dute, eta aurtengo hitzordua bihar egingo dute, 10:00etatik 20:00etara, Plaza Nagusian.
Aldaketekin dator, beraz?
Ana Azurmendi: Iazko edizioarekin alderatuta, data au- rreratu dugu herritarrei Gabonetako erosketak azokan bertan egiteko aukera eskaintzeko eta tokiko kontsumoa indartzeko. Era berean, azoka Done Jakue kaletik plazara lekualdatu dugu. Guztira, hogei postu egongo dira, herriko merkataritza eta artisautza sarearen erakusleiho direnak.
A.E.: Eguraldi txarra eginez gero, Azoka Plazan egingo dugu azoka.
Zer helburu ditu azokak?
A.A.: Gabonetako azokak aukera bikaina eskaintzen du bertako merkataritza eta sormena balioesteko, herrian erosteko eta gertuko ekonomiari laguntzeko.
Nortzuk parte hartuko dute azoka berezian?
A.E.: Tokiko merkatari hainbat izango dira, hala nola Alar mertzeria, Ametsen Txokoa, Diart, Egaña gozotegia, Farmazabal, Iru burdindegia, Jostaldi Kirolak, Kiribil ekodenda, Koket, Makibar eta Oihele.
A.A.: Artisauak, berriz, Aldaxka, Amuki, Belargi, Espiral tailerra, Harrihari, Kike Kikorro, Kimura, Kohpao Studio eta Miara izango dira.
Merkatariez eta artisauez gain, bestelako eskaintzarik izango al da?
A.A.: Gastronomia eta hurbileko produktuen zaporeak dastatzeko aukera ere izango da. Goizean, adibidez, gozoak eta edari beroak eskainiko ditugu, azokaren inguruan giro epela sortzeko. Eguerditik aurrera, aldiz, Makibarrek aukera gastronomiko berezia jarriko du eskura: txorizo egosia, gazta, irasagarra, ardoa, sagardoa, txakolina eta bestelako hainbat produktu.
A.E.: Aldi berean, Izan Moxal izeneko marrazkien txokoa jarriko dute haurrentzat eta gaztetxoentzat. Horiek, marrazkiak egiteaz gain, lanak erakusgai jartzeko eta zozketetan parte hartzeko aukera izango dute.
Herritarrentzat mezu bat...
A.E.: Herritar guztiak bihar plazara gerturatzera gonbidatzen ditugu, eta Gabon azokaz goza dezaten nahi dugu, tokikoa babestuz eta Gabonetako erosketak bertan egiteko aukera baliatuz.