Auto batek su hartu du Balentina Agirre plazaren azpiko garajeetan. Hain zuzen ere, Gukak jakin duenez, garajeetako batean aparkatu berri zuten auto batek su hartu du bat-batean, eta haren ondoan zegoen beste auto batera zabaldu da sua.
Suteak eragindako kea tarteko, Balentina Agirre plazako, Paulo VI. auzoko eta Ildefonso Gurrutxaga kalearen inguruko bizilagunei etxetik ez ateratzeko eta igogailurik ez hartzeko deia egin diete suhitzaileek. Ertzaintza, suhiltzaileak eta Udaltzaingoa bertaratu dira sutearen lekura, eta gauerdian lortu dute sutea kontrolatzea, nahiz eta guztiz amatatu duten ezin zuten ziurtatu. Ildefonso Gurrutxaga kalean dago ezbeharra jazo den garajeetarako sarrera-irteera, eta kalea itxita dago uneotan.
Udal ordezkariek Gukari jakinarazi diotenez, egoera "nahiko kontrolpean" dago jada, baina ikusteko dago zenbatekoak izan diren suteak eragindako kalte materialak. Sutearen ondorioz zabaldutako ke beltzak kezka eragin du auzoko bizilagunen artean, baina egoera bere onera itzuli arte etxeetan mantentzeko deia egin dute suhitzaileek.
Autobusik ez anbulatorioan
Balentina Agirreko garajeetako gertaerak autobusen geralekuetan ere eragina izango du, udaltzainek ohartarazi dutenez. Izan ere, anbulatorio aurreko geralekuak ezeztatuta geldituko dira suteak eragindako egoera bere onera etorri arte. Horrela, gaueko ordu hauetan gelditzen diren zerbitzuetako autobusak ez dira han geldituko, Trenbidearen Museoko eta Sanjuandegiko geralekuetan baizik.
