Tom y Jerry aventura en el tiempo eta Enarak filmak emango dituzte astelehenean Soreasu antzokian. Umeentzako animazio filma 16:30ean hasita emango dute, eta gero, 21:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Enarak dokumentala.
Bi emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke aurrez, eta astelehenean, emanaldi bakoitzaren aurretik ere eskuratu ahal izango dira Soreasuko leihatilan.
Honako hau da Txinan ekoiztutako Tom y Jerry aventura en el tiempo filmaren sinopsia: "Tom eta Jerry denboran zehar bidaiatzen ari dira. New Yorkeko Metropolitan Museoan egindako jazarpen zoro baten ondoren, denboraren atari batek antzinako Txinan inspiratutako eta magiaz, gerlariz eta izaki harrigarriz betetako urrezko hiri batera eramango ditu. Etxera itzultzeko akzioz eta umorez beteriko abentura ikaragarria bizi dute, non etsai berriei aurre egin behar dieten".
Beñat Iturriozek zuzendutako Enarak dokumentalaren sinposia, berriz, honako hau da: "1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren seminarista batzuek Enarak taldea sortu zuten. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971an misteriotsuki desagertu ziren, betirako. 50 urteren ondoren, abeslariaren semea, Beñat, taldearen aztarnen bila abiatuko da, ornitologia, collage-a eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz".