Correos posta zerbitzuak jaulki dituen bi zigilu sorta berezi aurkeztu dituzte gaur Burdinbidearen Euskal Museoan. Azpeitiko tren geltokia zena aurkeratu dute aurkezpenerako, museoarekin lotura estua baitute aipatutako zigiluek: Euskotrenek Azpeitiko museoan martxan mantentzen duen lurrun trenari eskaini diote zigilu sortetako bat –Aurrera lokomotora zaharra ageri da irudian–, Correosen Tren historikoak seriearen barruan; eta bestea, berriz, lurrun tren horiek ikatzez elikatzen zituzten suginak omentzeko baliatu dute, Antzinako lanbideak seriearen barruan.
Susana Garcia Chueca Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu-idazkariak aurkeztu dituzte Correosen zigilu berriak. Burdinbidearen Euskal Museoaren funtzioa eta lana goraipatu dituzte, eta trenak garraiobide gisa dituen onurak ere bai. "Trenak iragana du, baina batik bat oraina eta etorkizuna", esan du Santanok, museo bihurtutako tren geltoki zenean.
Correosen eskuragarri
Irailaren 26an jaulki zuen Correosek Euskotrenen lurrun trenari eskainitako zigilua; 72.000 zigilu eta beste 3.000 premium plegu argitaratu dituzte, hain zuzen. Suginei eskainitako zigilua, berriz, urriaren 8an jaulki zuten; 70.000 zigilu eta 3.000 premium plegu atera dituzte, kasu horretan.
Bi zigilu berezion posta balioa 3 eurokoa da, eta Correosen bulegoetan, Correos Marketen bidez, Zerbitzu Filatelikoarekin harremanetan jarrita (atcliente.filatelia@correos.com helbidean) edo 915 19 71 97 telefonora deituta eros daitezke.