Lagun Onaken bi taldeak esku hutsik etxeratu dira

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 15a

Lagun Onakekoak larunbatean Durangoren kontrako partidan. (Lagun Onak FT)

Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiek larunbat arratsaldean jokatu zuten, biek etxetik kanpo. Hirugarren mailako taldea Durangoren kontra aritu zen eta Ohorezko Erregional mailako taldea Elgoibarren aurka. 

Azken neurketak ez dira balekoak izan Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusientzako, biek etxetik kanpo jokatu dute eta biak esku hutsik itzuli dira Garmendipera, puntu bakar bat ere lortu gabe.

Gizonen Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakek larunbat arratsaldean Durangon (Bizkaia) jokatu zuen Cultural Durangoren kontra. Ahaleginak egin bai, baina multzoko sailkapeneko buruaren kontra nahikoa ez zuten egin Azpeitiko futbolariek, eta azkenean, 1-0 eginda etxeratu ziren, puntu bakar bat eskuratu gabe. 

Datorren jardunaldia etxean eta multzoko sailkapeneko azken taldearen, Añorgaren, kontra jokatuko du Lagun Onakek.

Emakumeek ere 1-0

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek ere ez du asteburu ona izan, eta Elgoibartik 1-0 eginda etxeratu zen. Lehenengo minutuetan partidan sartzea kostatu egin zitzaien pixka bat Lagun Onakekoei, baina berehala bereganatu zuten baloiaren jabetza. Aurreneko zatian gol aukera asko eduki arren, ez zuten golik sartzen asmatu. Elgoibarkoak, aldiz, gutxitan iritsi ziren atera, baina 16. minutuan gola sartzea lortu zuten. Dena den, Lagun Onakekoek ez zuten amore eman, eta futbolariak golaren bila aritu ziren partidaren azken minutura arte. Ahaleginak ahalegin, aurkakoen atearen aurrean ez zuten asmatu. Azkenean, partida galduta itzuli ziren etxera Mintxeta futbol zelaitik.

Datorren asteburuan Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak Intxaurdiren kontra jokatuko du etxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide