Urteko azken elkarretaratzea egin dute jubilatu eta pentsiodunek

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 16a

Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen mugimendukoen elkarretaratzea atzo. (Utzitakoa)

Herrian egingo duten pentsio duinen aldeko hurrengo mobilizazioa urtarrilaren 12rako deitu dute Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunek plataformakoek. Abenduaren 18an, baina, Gasteizen Legebiltzarraren aurrean manifestazioa egingo dutela adierazi dute.

Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen plataformakoek aurtengo azken elkarretaratzea egin zuten atzo herriko plazan. Mobilizazioan adierazi zutenez, datorren urtean pentsio gehienak %2,7 igoko dira, baina aurtengo azarora arteko KPIa %3koa izan da. Datu horiek kontuan hartuta, plataformakoek salatu dute 2026an "pentsioen igoera hiru hamarren txikiagoa" izango dela. Horrez gainera, gutxieneko kotizaziopeko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren "oso azpitik" geratuko direla salatu dute pentsionistek.

Atzoko elkarretaratzean abenduaren 18rako Gasteizen eta Iruñean deitutako manifestaziora deitu zituzten herritarrak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatuko dira egun horretan. "Gasteizko manifestazioan gure Herri Ekimen Legegilearen aurkako betoa salatzeaz gain, azpimarratuko da EAJk eta PSEk esan zutela ados zeudela HELan eskatutakoarekin, eta prest zeudela beste aukera batzuk aztertzeko, baina orain 2026rako aurrekontuekin egiteko aukera dutenean, gutxieneko pentsioak osatzeko partida ekonomiko bakar bat ere ez dute bideratu".

Aurtengo azken elkarretaratzea atzo egin zuten, eta mobilizazio urtea pintxo batzuk janez bukatu zuten, baina datorren urtean ere beren aldarrikapenekin jarraituko dutela jakinarazi dute, eta hurrengo elkarretaratzea urtarrilaren 12rako deitu dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide