Noiz etorri zinen Azpeitira bizitzera?
2022ko ekainean familiako baten etxera etorri nintzen bizitzera, Azpeitira. Ordutik, hainbat zereginetan jardun dut: etxeko lanak egiten, ikasten, bigarren eskuko arroparen dendan... Urte eta erdi inguruan mojekin Olazko komentuan ere egon nintzen.
Zergatik erabaki zenuen Honduras utzi eta Euskal Herrira etortzea?
Cholutecakoa naiz, hamasei udalerrik osatzen duten eskualdekoa, eta nire udalerria Santa Ana de Yusguare da; 19.000 biztanle inguru ditu udalerriak. Zortzi urtez herri horretako udaletxean lanean jardun ondoren, udal gobernua aldatu eta langile denak kaleratu gintuzten. Beraz, lanik gabe eta beste lan aukerarik gabe gelditu nintzen. Egoera horretan, bizimodu hobe baten bila Azpeitira etortzea erabaki nuen, nire familiako bat hemen bizi zelako.
Erraza egin al zaizu Azpeitiko bizimodura moldatzea?
Egia esanda, laguntzeko prest dagoen herritar asko aurkitu dut Azpeitian. Laguntza eta babesa jaso ahal izan ditut ikasteko eta ikastaroak egin ahal izateko. Soziosanitario ikasketen ziurtagiria ateratzeko aukera izan dut, baita Udal Euskaltegian euskararen oinarrizko maila ikastekoa ere. Hori guztia jendearen babesari esker izan da. Elkar-ekineko boluntarioek ere asko babestu naute, eta haiei oso eskertuta nago.
Elkarguneko bigarren eskuko arropa dendan ere aritzen zara, ezta?
Hala da, eta oso gustuko lana dut. Jende asko ibiltzen da bigarren eskuko arropa dendan, eta horrek jendea ezagutzeko, sozializatzeko, aukera eman dit. Gainera, Hondurasen udaleko gizarte lanen sailean egiten nuen lana, eta atsegin ditut era horretako jarduerak.
Hondurastik zer sumatzen duzu gehien faltan?
Alaba, ama eta familiaren falta sumatzen ditut, batik bat. Egunero hitz egiten dut haiekin, baina denbora asko da ikusi ez ditudala. 15 urte ditu alabak, eta ikasten ari da Hondurasen. Hark ezin du bidaiatu, aitaren baimenik ez daukalako; nire alabaren aita Hondurastik kanpo bizi da. Oraindik, alabarengandik gertu egon behar dudala sentitzen dut, eta pozik nago laster hura ikustera joango naizelako.
Eta Azpeititik Hondurasera zer eramango zenuke?
Azpeitiko jendeak prestatzeko, ikasteko eta lan egiteko eman izan digun aukera eramango nuke jaioterrira; izan ere, ikasteko aukera eman diguten erakundeetako ordezkariak eta irakasleak oso jatorrak izan dira. Jende jatorrarekin egin dut topo, eta Azpeitian bizitzen segitzeko gogoz nago.
Hondurasen lana aurkitzeko aukerak murritzagoak al dira?
Bai, nire herriko egoera ekonomikoa oso zaila da; lan aukerarik ez daukagu han. Gobernu batentzako lanean jarduten badugu, hura aldatzen denean lanik gabe gelditzen gara. Gainera, behin langabezian gelditutakoan oso zaila da berriro lana aurkitzea, ez baitago aukerarik. Azpeitian, aldiz, lan bat bukatutakoan beste bat aurkitzea errazagoa izango dela iruditzen zait, aukera zabalagoa delako.
Zertan gustatuko litzaizuke lan egitea?
Aurrera egin ahal izateko lan aukera on bat izatea gustatuko litzaidake, gaur egun Azpeitian gustura bizi naizelako. Bizitzan aurrera egiteko asmoarekin etorri nintzen hona, eta aukera ematen baldin badidate, ikasten ere jarraitu nahi dut. Hondurasen Administrazio eta Enpresa Zuzendaritza batxilergoa ikasi nuen, eta ikasketa horiek homologatzea ere nahi dut.