'Jainkoa, jaun goikoaz harago. Teologia berri baterako ildoak' liburua aurkeztu du Joxe Arregik

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 16a

Gaurko liburu aurkezpenaren irudi bat. (Utzitakoa)

Azpeitiarrak berak frantsesez idatzi eta 2023an argitaratutako Dieu au-delà du théisme: Esquisses pour une transition théologique liburua euskaratuta plazaratu du orain. Joxin Iturriotzek eta Jexux Mari Mujikak lagunduta aurkeztu du lana Donostian. Urtarrilean Azpeitian aurkeztuko du. 

Joxe Arregi fraide frantziskotar ohiak Jainkoa, jaun goikoaz harago. Teologia berri baterako ildoak aurkeztu du gaur Donostiako Udal Liburutegian, berak frantsesez idatzi eta 2023an argitaratutako Dieu au-delà du théisme: Esquisses pour une transition théologique liburuaren euskarazko bertsioa. 

Joxin Iturriotzek eta Jexux Mari Mujikak lagunduta aurkeztu du lana Arregik. Iturriotzek azaldu du liburua Arregiri egindako eskaera batetik sortua dela, eta Arregik berak egindako itzulpenari azken orraztuak eman dizkiotela taldean, "bai euskararen aldetik, bai esanahiaren aldetik". Zehaztu du egilearen itzulpena "oso ona" izan dela, eta mamia "aberatsa eta iradokitzailea" dela. Mujikak, berriz, aitortu du "zenbait gauza ulertzeko argigarria" dela Arregik idatzitakoa. Gaineratu du gaur egun "ulergaitzak" direla garai batean irakatsiak, eta Arregik egiten dituen interpretazioak eta "irakurketa berria" nabarmendu ditu.

Arregik berak, liburuaren mamian sartu aurretik, euskal gizartearen bilakaeraz hitz egin du, liburutik liburura: Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eta liburu horrek euskal literaturara zein gizartera ekarri zuen "ikuspegi berria"; eta 50 urte aurrera eginda, Arregik berak 40 euskal idazleri bidalitako galdetegiaren erantzunekin osatutako Jainkoaz galdezka, Edorta Jimenezek egindako elkarrizketekin argitara emandako Jainkorik bai ala ez?, eta Tere Irastorzaren Izendaezinak aipatu ditu Gerrantzurikoak, azaldu nahi izan duen bilakaerrean ardatzak finkatzeko.

Jainkoa, jaun goikoaz harago. Teologia berri baterako ildoak liburuaren mamia azaltzerakoan, "jaun goikoa hitza konstrukto bat" dela aipatu du egileak, eta "Jainkoa sinboloak esanahitik harago eraman behar gaituela". Jainkoaren garai bateko esanahiak gaur egungo gizartean ez duela tokirik dio Arregik: "Jesus oraindik inspiratzaile izan daiteke guretzako, baldin eta berak bere garaian bizi izan zuen askatasun berberarekin bizitzen badugu gaurkotasuna, dogmetatik eta sineskerietatik urruti". Beste kristautasun bat posible ote den mahaigaineratu dute galderen tartean; "Jesusek emandako mezua inspiratzailea izatea gure esku dago", erantzun du Arregik, baina Elizaren hierarkiak horretarako pausoa emango duenik ez du uste fraide ohiak.

Urtarrilean, Azpeitian

Fe Adulta argitaletxearen eskutik plazaratu du Arregik Jainkoa, jaun goikoaz harago. Teologia berri baterako ildoak liburua; liburudendetan ez ezik, argitaletxe horren webgunean ere eskura daiteke.

Gaur Donostian aurkeztu ondoren, beste zenbait aurkezpen saio ere egingo ditu Arregik. Horietako bat Azpeitian izango da, urtarrilean; aurkezpen horren eguna eta gainerako xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide