Eusko Jaurlaritzak atzo egin zuen euskararen erabilera aitortzeko ekitaldia Gasteizko Europa jauregian, eta guztira 75 erakunde publikok eta pribatuk jaso zuten ziurtagiriren bat. Hainbat mailatako aitortzak egin zituen Jaurlaritzak, eta Azpeitian egoitza duen Sein taldeak Harrobi ziurtagiria jaso zuen, Bikain ziurtagiria jasotzeko prozesuari ekinda.
Hizkuntza Politikako sailburuordea, Aitor Aldasoro, izan zen atzoko ekitaldiaren buru, eta bertan izan ziren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria ere, besteak beste.
Ekitaldian, Aldasorok erakunde publikoek zein pribatuek euskararen normalizazioan duten konpromisoa eta lana azpimarratu zituen: "Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan-eremuan euskararen erabilera handitzea lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da, eta Lanera proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri hauen bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu", esan zuen.