Betiko osagaiekin ospatuko da igandean San Tomas eguna

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 17a

Herritar batzuk iazko San Tomas egunean. (Maialen Etxaniz)

Goizetik hasi eta iluntzera bitartean adin guztietako herritarrentzako ekintzak izango dira igandean Azpeitian, San Tomas egunean. Udazkeneko azoka berezian 25 ekoizlek jarriko dituzte postuak Azoka Plazan. Herriko plazan, berriz, ikastetxeek eta eragileek jarriko dituzten txorizo eta talo postuak zortzi izango dira.

Igandean, San Tomas egunez, egun osoko festa izango da Azpeitian herriko plazaren bueltan. Goizetik eguerdira bitartean, udazkeneko azoka berezia egingo dute Azoka Plazan. 25 ekoizlek jarriko dituzte beren postuak azokan. Barazkien eta fruituen postuak izango dira ia gehienak, 11 postu, hain zuzen ere. Horiez gain, gazten, pastelen, ahate produktuen eta bestelako produktuen bina postu egongo dira, baita belar eta ukenduen hiru postu ere.

Bitartean, herriko plazan, herriko ikastetxeek eta eragileek jarritako txorizo eta talo postuak egongo dira, eta haietan jatekoa nahiz edatekoa eskainiko dituzte. Aurten, zortzi postu jarriko dituzte: Izarraizpe Ikastola Publikoa-Zutoin guraso elkartearena, Iraurgi ikastetxearena, Itsasi dantza taldearena, Baigera elkartearena, Etxera-rena, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibarena eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistarena.

Egun osoan zehar kaleak girotzen ere ibiliko dira hainbat musikari, hala nola Izarraitz txistulari taldekoak, Udal Musika Bandakoak, Arrasateko gaiteroak, trikitilariak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Itsasiko ttuntturroak eta Itzal erromeria taldekoak. Horiez gain, Azpeitiko erraldoien eta buruhandien kalejira ere izango da.

Herri kirol jaialdia eta bertsolarien eta trikitilarien saioak ere izango dira eguerdi partean herriko plazan. Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira aizkoran eta Olaia Esnaola, Jon Unanue Goenatxo III.a, Udane Ostolaza eta Beñat Telleria harri jasotzen. Izarraitz pilotalekuan, berriz, pilotaz gozatzeko aukera izango da XI. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalekin.

Arratsaldean, berriz, Soreasu antzokian gazteen dantza suelto txapelketa jokatuko da, eta bitartean, Itzal erromeria taldeak girotuko du herriko plaza.


Mikel Odriozola Festa batzordeburua eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea aurtengo santomasetako kartelarekin. (Azpeitiko Udala)

Goizetik hasi eta iluntzera bitartean, etenik gabeko festa izango da Azpeitian. Nagore Alkorta alkateak San Tomas egunean herrian egon ohi den "giro herrikoia" azpimarratu du. Alkortaren arabera, herritar eta eragile askok parte hartzen duten festa eguna da, eta egun ederra pasatzea opatu die denei. 

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, berriz, festaren antolaketan parte hartzen eta lan egiten duten denak eskertu ditu. Jendea baserritarrez jantzita kalera irtetera eta antolatutako "egitarau zabalarekin" ondo pasatzera gonbidatu du Odriozolak.

Indarkeria matxistaren kontra

Festa gozagarriak lortzeko ardura herritar denena dela gogoratu dute udal ordezkariek, eta hori hala dela ez ahazteko, indarkeria matxistaren aurkako Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie kanpainaren bidez, Txoixokeitan dabillenai, talue leloarekin kartelak eta pegatinak jarriko ditu udalak herriko hainbat puntutan. Horrez gain, jaietako indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren berri emango dio udalak postuetako ordezkariei.

San Tomas egunean Azpeititik Zumaiara eta Zumarragara joan-etorria egiteko autobus zerbitzu bereziak jari ditu Lurraldebusek. Zerbitzu berezi horien inguruko informazioa lotura honetan ikus daiteke.

Egitaraua:

  • 10:00. Izarraitz txistulari taldearen diana.
  • 10:00. XI. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 11:30. Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileen kalejira.
  • Goiz osoan zehar, Udazkeneko azoka berezia, Azoka Plazan.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Harrijasotzaileak: Goenatxo III.a, Telleria, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza.
  • 12:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
  • 12:00-22:00. Indarkeria matxistarrik gabeko gunean egongo da Plaza Txikian.
  • 12:30-15:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak kalez kale.
  • 13:00. Bertsolarien eta trikitilarien saioa, plazako kioskoan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Kattin Madariaga, Andoni Rekondo eta Ekhiñe Zapiain. Gai jartzailea: Xebaxtian Lizaso.
  • 13:00. Azpeitiko erraldoi eta buruhandien eta Arrasateko gaiteroen kalejira.
  • 18:30. Gazteen 24. Azpeitiko Dantza Sueltoko Txapelketa, Soreasu antzokian.
  • 18:30-22:30. Itzal taldearekin erromeria, herriko plazako kioskoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide