Eusko Jaurlaritzak osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko plana aurkeztu berri du, eta iragarri du Azpeitian osasun etxe berri bat egingo duela. Ez du azpiegitura horren gaineko xehetasunik eman erakundeak, baina iragarri du hori eraikitzeko aurreikusitako epea: 2032. urtetik aurrera, epe zehatzik gabe.
Azpeitiko anbulatorioaren eraikina txiki geldituta dago azken urteetan, eta gainera, uholde arrisku handiko lekuan dago kokatuta. Horregatik, udalak Osasun sailarekin egin du lekualdaketaz hitz egiteko bileraren bat edo beste, eta dirudienez, bilkura horiek eman dute fruitua. Izan ere, Jaurlaritzak aurreikusi du anbulatorio berria egitea 2032ra arteko ibilbide orrian.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak esan duenez, albistea "ona" da, nahiz eta dena ikusteko dagoela adierazi duen. Gainera, Azpeitiko Udalak badu jabetzan osasun azpiegitura bat hartzeko moduko eraikin bat: Sierbetako komentua. Joan zen irailean erosi zuen udalak eraikin hori, eta gaur-gaurkoz, Hirigintza Antolamenturako Plan Orokorrean (HAPO) jasota dagoenez, Sierbetako komentua osasun, gizarte, kultur edo administrazio ekipamenduetara bideratu behar litzateke. Beraz, posible da lehen arretako azpiegitura berria han kokatzea nahiz eta dena airean dagoen.
Eusko Jaurlaritzak, orotara, 21 osasun etxe, Tolosako (Gipuzkoa) ospitalea, Donostiako protoi terapiako zentroa eta Durangoko (Bizkaia) bereizmen handiko zentroa egingo ditu, baita ospitale hainbat handitzeko eta berritzeko lanak ere. Planean jasotakoa gauzatzeko 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak, eta inbertsio horiek, indarrean dagoen agintaldiari ez ezik, hurrengoei ere eragingo die.