Abenduaren 27an Pizkundea ekitaldira joateko eta handik itzultzeko autobusa antolatu dute

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 18a

Hainbat lagun, Pizkundea ekitaldiaren aurkezpenean. (Pizkundea)

Abenduaren 27an izango da ekitaldia, Bilbao arenan, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta. Ekitaldirako nahiz autobuserako txartelak Sanagustin kulturgunean daude salgai.

Datorren abenduaren 27an, zapatua, izango da Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Pizkundea ekitaldia Bilbon, Bilbao arenan, eta Azpeititik hara joateko eta handik Azpeitira itzultzeko autobusa antolatu dute.

Ekitaldia 17:00etan izango da, eta Azpeititik 15:30ean aterako da autobusa, anbulatorioaren aurretik. Itzultzeko autobusa ekitaldia bukatu eta berehala abiatuko da. Ekitaldirako nahiz autobuserako txartelak Sanagustin kulturgunean daude salgai, hogei euroren trukean –bi sarrerak barne–.

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala dela eta, Berpizkundea ekitaldiarekin ahalik eta euskaltzale gehien batu nahi dituzte, hiru helburu nagusirekin: euskaltzaleen indarraren eta batasunaren erakustaldia egin; euskal jendarte osoari euskara denen ardura dela helarazi; eta hizkuntza politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendoa bultzatu.

Kultur kutsuko ekitaldia izango da hilaren 27koa, eta musikak nahiz musikagileek, euskararen soinu bandak, presentzia nabarmena izango dute. Informazio gehiago honako lotura honetan.


Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako komunitateak Euskalgintzaren Kontseiluaren Pizkundea ekitaldiari atxikimendua emateko ateratako argazkia. (Azpeitiko Ikastola Ikasberri)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide