Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo da abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra

Nerea Uranga 2025eko abenduaren 19a

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa.

Aurtengo denboraldia igandean bukatuko du Azpeitiko museoak, eta ondoren, oporrengatik itxita egongo da. Urtarrilaren 7an irekiko dute berriro museoa, asteartetik igandera bitartean bisitatu ahal izango da gero.

Euskotrenen Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa itxita egongo da abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra bitartean, oporrak tarteko. Aurtengo denboraldiaren azkeneko eguna igandea, hilaren 21a, izango du museoak, eta 10:30etik 14:00etara izango da irekita.

Burdinbidearen museoak urtarrilaren 7an (asteazkena) hasiko du denboraldi berria, eta honako ordutegia izango du: asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era; igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik), 10:30etik 14:00etara.

Azpeitiko museoan trenbideekin lotutako Europako bildumarik onenetakoa ikus daiteke, baita era askotako ibilgailuak ere: lurrun trenak, tren dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta askotariko bagoiak. Horrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako makina-erremintako bildumarik osatuenetako bat du museoak, garai bateko Urolako trenbidearen tailer mekanikoari esker. XIX. mendearen bukaeratik gaur egunera arteko treneko uniformeak ere ikusgai daude, baita munduko tren-erlojuen bildumarik onenetakoa ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide