"Urtearen bukaeran, sansibestre". Hainbat etxetan ibiltzen den esapidea da hori, baina etxe askotako kideen errealitatea ere bai. Izan ere, ehunka lagunek parte hartzen dute urteko azken egunean hain entzutetsua den lasterketa horretan. Aurtengoa Azpeitiko probaren 24. edizioa izango da, eta azken urteetako gisan, proba nagusia ez ezik, lasterketa motza nahiz proba inklusiboa ere egingo dituzte.
Sei kilometroko lasterketa nagusirako dortsal guztiek, 1.300ek, badute dagoeneko beren jabea; izan ere, salgai jarri orduko agortu ziren guztiak. Gehiago kaleratzeaz hausnartu duten arren, "arduraz" jokatzeko erabakia hartu du proba antolatzeaz arduratzen den Xeye atletismo taldeak, probak baliabide hainbat eskatzen dituelako.
Lasterketa plazan beharrean Zelai Luzen hasiko da aurten, eta Iberotarren plazaren ondoko errepidetik Burdinbidearen Euskal Museora joango dira korrikalariak, handik Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazara, eta gero, ohiko ibilbidea osatuko dute; plazan bukatuko da. Irteera lekua pilaketak saihesteko aldatu dute.
Partaide orok 2025eko San Silbestre lasterketako kamiseta eskuratuko du, 42K etxearen custom kamiseta, zehazki. Auten, lehen aldiz, tirantedun kamiseta kaleratu dute, eta beraz, nahi duenak manga motzduna edo tiranteduna eskuratu ahal izango du.
Beste bi proba
12 urtetik gorakoentzako hiru kilometroko proba motza 11:30ean hasiko da, eta oraindik ere eskura daitezke lasterketa horretarako dortsalak. Antolatzaileen arabera, 60 bat dortsal gelditzen dira oraindik ere. Iazko ibilbide bera izango du proba horrek; plazan hasi eta bukatuko da.
Bestalde, oinezko froga edo lasterketa inklusiboaren hamargarren aldia izango da aurtengoa, eta hamargarren edizioa izanik, inklusibitateari "ikusgarritasun handiagoa" eman nahi diotela azaldu dute antolatzaileek. Txolarteko kideen ekimenez, ohi baino ibilbide luzeagoa prestatu dute, eta norberak nahi duen erritmoan osatu ahal izango du. Plazan hasiko dute froga 11:00etan, eta Erdikaletik igarota, Sanjuandegira bidegorritik joan eta plazara itzuliko dira parte hartzaileak. Partaide guztiek oparitxo bat jasoko dute.
Naroa Uriak azaldu duenez, hamar urte dira herritar guztiek San Silbestre proban parte hartzeko aukera dutela, eta hori pozgarria da. "Garai batean herritar denek ezin zuten parte hartu, baina duela hamar urtetatik bai. Berezia izango da aurtengoa, eta ikusgarritasuna ematen saiatuko gara", azaldu du. Gainera, herritar oro animatu du egitasmoarekin bat egitera, modu batean edo bestean parte hartuta. Marea Urdinako Julen Estebanek ere esker hitzak izan ditu antolatzaileentzat, "inklusioaren betaurrekoak" janzteagatik. Haren hitzetan, pozgarria da hori "batere latarik eman beharrik izan gabe" egin izana, eta beste erakundeei ere hala jokatzeko eskatu die hark.
Erniarraitzi keinua
Sei kilometro, sei esaldi, sei irudi eta sei bertso. Aurtengo edizioan sei bertso gehitu dizkiote egitasmoari. Erniarraitz bertsozale elkartearen 25. urtemuga tarteko, euskal kulturari eta bertsolaritzari keinua egin dio Xeyek. Sei esalditatik sortutako sei bertsok osatu dituzte Erniarraitzeko kideek, eta kamisetako irudian bertsolari baten irudia sartu dute. Gainera, abenduaren 31n, plazako kioskoan kantatuko dituzte Erniarraitzekoek egitasmorako espreski sortu dituzten bertsoak.
Jon Gurrutxaga bertsolariak, Erniarraitzen izenean, eskerrak eman dizkie Xeyeko kideei, urteurrena borobiltzeko egindako proposamenagatik. Hark esan duenez, ezinezkoa zen iradokizun horri ezetz esatea, eta gainera, azaldu du bertsoak idatzi dituzten bertsolarietako batzuek korrika ere egingo dutela egun horretan. Umorera ere jo zuen hark, dortsalak gastatuta badaude ere, bertsolariei eman egin dizkietela eta: "Korrika egin nahi duena bertso eskolara apunta dadila, dortsalak eman dizkigute eta".
Halaber, aurtengo izen-emate prozesuan diru bilketa solidarioa egin dute Xeyekoek, eta dagoeneko 400 euro bildu dituzte. Diru hori Minbiziaren Aurkako Elkartera bideratuko dute, eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiarekin elkarlanean, abenduaren 31n sari banaketa ekitaldiaren aurretik egingo dute diru ekarpena. Hain zuzen ere, 1.500 euro inguruko diru ekarpena jasoko du Azpeitian ere egoitza duen elkarteak.
Elkarteko kideak pozarren agertu dira dohaintzagatik, eta eskerrak eman dizkiete Xeyekoei. Izan ere, haiek azaldu dutenez, diru horrek ahalbidetuko du minbizia duten herritarrei nahiz haien senideei doako arreta soziala eta psikologia zerbitzua eskaintzea, baita onkologia proiektuen ikerketaren finantzazioarekin jarraitzea ere.
Dortsalak, hilaren 22tik aurrera
Probetarako dortsalak saltokietan ere jaso ahalko dira aurten. Abenduaren 22tik 29ra Azkoitiko Plaza Berri Sport eta Azpeitiko Aitzaki Kirolak saltokietan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek, eta Azpeitiko Azoka Plazan ere bai hurrengo egunetan: abenduaren 30ean, 18:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 31n, 09:00etatik 11:00etara.
Proba Xeyek antolatzen badu ere, egunean bertan boluntarioak behar izaten dituztela gogorarazi dute antolatzaileek. Izan ere, korrikalariei behar bezalako zerbitzua emateko ezinbestekoak dira boluntarioak haien hitzetan. Herritarren laguntza behar dute ibilbide muntaketarako eta desmuntaketarako, bidegurutzeak kontrolatzeko nahiz anoagunerako, eta lagundu nahi dutenek honako lotura honetan eman dezakete izena.
Bestalde, probaren bueltan sor daitezkeen eragozpenak direla eta, antolakuntza taldeak eskerrak eman dizkie herritarrei, batez ere Alde Zaharreko bizilagunei.