Martxel Altuna: "Dena handia eta zentralizatua denean, asko galtzen da"

Maddi Txintxurreta 2026ko urtarrilaren 12a

Martxel Altuna, Zarauzko Photomuseum atarian. (Maddi Txintxurreta)

Historialaria da Martxel Altuna (Azpeitia, 1960), baina 32 urte daramatza Zarauzko Photomuseumen. Leopoldo Zugazak eta Ramon Serrasek errekrutatu zuten argazkigintzaren museoaren bridak hel zitzan. Abenduko Azpeitia Guka aldizkariko elkarrizketa da honako hau.

Nork egin zuen putz Photomuseumen hazia hona ekartzeko?

Bi familia izan ziren. Aurpegia eman zutenetako bat Ramon Serras izan zen, gure inguruan ezaguna, batez ere Zarautzen, baina argazkigintzan egin zuen lana ezaguna zen Euskal Herri mailan ere. Bestalde, Leopoldo Zugaza durangarrak egin zuen bultza. Argazkigintzak elkartu zituen biak.

Historialaria zara berez. Argazkigintza betidanik izan duzu pasio ala museoaren eskutik biratu duzu horra?

Museoa zuzenduko al nuen proposatu zidaten, baina ez nuen heziketarik edo estudiorik aurretik.

Bidean ikasi duzu, beraz. 

Egunero joan naiz ikasten. Ni ez naiz, ezta gutxiago ere, argazkilaria. Museoarekin batera ikastea tokatu zait, Photomuseumen eskutik hezi naiz.

1993an ireki zenuten museoa.

Kuriosoa da, zeren, urtebete lehenago, Aste Santuan, aurkezpena egin zuten. Zarauzko hainbat lekutan zortzi-bederatzi erakusketa jarri zituzten, pelikula bat ere muntatu zuten... Jaialdi bat izan zen, eta asmoa zen proiektua arduradun politikoei-eta erakustea. Erakutsi zieten materiala bazutela, argazkilaritza arloan jakintza zutela eta bazekitela mugitzen, bazituztela kontaktuak. Orduan ez zegoen argazkigintzari zuzendutako museorik Euskal Herrian, ezta Espainian ere. Gaur egun ere, bakarra da Photomuseum. Jaialdia egin ostean, traste guztiak jaso behar izan zituzten berriz, eta denbora batean zain egon ziren, ea aterpe bat eskaintzen zieten. Aterpe hori gaur egun museoa dagoen tokia zen, eta azkenean, 1993an zabaldu zuten.

Zeintzuk ziren zuen hastapenetako helburuak?

Hastea zen gure helburua. Museoa kokatuta dagoen etxea zaharra zen, gabezia handiak zituen, ez du zerikusirik gaur egun duen itxurarekin; berrikuntza gerora etorri zen. Ariketa bat izan zen: materiala genuenez, lanean hasi beharra geneukan. Ez genuen gauza ederrik edo handirik buruan, lanean hastea zen erronka. Eraikina zaharberritu genuenetik, askoz hobeto dago, gauzak erakusteko beste txukuntasun bat dauka. Baina, finean, erreforma aurretik kontatzen genuena eta gaur egun kontatzen duguna gauza bera dira. Orain, material gehiago dugu, baina mamia berbera da: argazkigintza nondik datorren eta zer garapen izan duen.

Zergatik Zarautzen?

Galdera hori askotan egin zieten Leopoldori eta Ramoni, eta haiek beti zera erantzuten zuten: "Zergatik ez?". Zarauztarra zen Ramon eta Zarautzen bizi zen Leopoldo. Beti azpimarratu zuten herrietan kultur zerbitzuak egon behar zirela, kultura deszentralizatu egin behar zela. Egia da Zarautzek ez duela lotura berezirik argazkigintzako industriarekin edo antzeko zerbaitekin, baina proiektua Zarautzen sortu zen. Leopoldori asko gustatzen zitzaion herrietan museo espezializatuak izateko ideia, eta azken finean, herritarrei zuzendutako kultur eskaintza da Photomuseum. Herritarrei soilik ez, kanpokoei ere bai; Zarautzera hondartzara bakarrik etorriko gara, ala? Gaur euria ari du!

Hiriguneetatik kanpo kokatzeak ematen al dio onurarik museo bati?

Baietz uste dut. Dena handia eta zentralizatua denean, gauza asko galdu egiten dira. Eta gauza bat esan behar da: hemendik Donostiara edo Donostiatik hona, kilometro berberak daude. Zentralizatzen hasten bagara, Donostiara joko dugu, eta orduan galdetuko dugu, "zergatik ez Bilbon?". Eta handik, "zergatik ez Bartzelonan?". Museoak nortasuna ematen dio herriari; kasu honetan, sinisten dugu ekarpena egiten diola Zarautzi. Photomuseumek 32 urte ditu jada, eta segitzen du izaten argazkigintzari buruzko Espainiako Estatuko museo bakarra. Hori ez da normala. 

Villa Manuela, Photomuseumen egoitza, 2005ean berritu zenuten.

1993an hasi ginen martxan, eta 2003ko amaierara arte egon ginen bertan. Erreforma egin bitartean, garra mantentzeko asmoz, behin-behineko erakusketak Torre Luzean plazaratu genituen, Kale Nagusian dagoen eraikin berezi horretan. Orduan, goizez bulegoko lanak egiten genituen Kultur Etxean, eta arratsaldeetan erakusketak plazaratzen genituen. Horri esker, ez genuen sufritu bi urtez itxita egoteak ekar zezakeen kaltea. Izan ere, ohitura, jendea, kontaktuak... mantendu genituen. Erreforma amaituta, 2005eko azaroan zabaldu genuen berriz museoa. Erreformaren aurretik hankaz gora zegoen etxea, eta esango nuke museoaren aitzakiak eraikina biziberritzen lagundu duela.

Zer ekarpen egiten dio museoak Urola Kostari?

Bertako argazkilariak zaindu nahi ditugu, Euskal Herrikoak. Oraintxe bertan, Gipuzkoari eskainitako erakusketa bat dago ikusgai. Gipuzkoako Artxibo Orokorrarekin aritu gara lanean, eta erakusketa muntatu dugu. Eskualdean indarra al dugun? Uste dut jendeak badakiela zer den Photomuseum. Baina etortzen da jendea Gipuzkoatik, Bizkaitik... leku guztietatik. Eta etortzen denak, normalean, errepikatu egiten du.

Azpeititik etortzen al da jendea?

Bai, bai, azpeitiarrak ere pasatu dira hemendik. Etortzera gonbidatuko nituzke.

Ba al dakizu zenbat erakusketari eman dion aterpe Photomuseumek 32 urte hauetan ala kontua galdu duzu?

400 erakusketatik gora jarri ditugu; Photomuseum izenarekin 411, zehazki. Baina gehiago ere egin ditugu. Adibidez, arrakasta handia izan zuen Zarauzko Euskal Jaien mendeurrenean azokan antolatu genuen erakusketak.

Museoan ikusgai dauden hainbat elementu. (Utzitakoa)

Ume batek galdetuko lukeen eran: baduzu faboritorik?

Ez nuke bat esango. Askotan galdetzen didate erakusketa iraunkorreko makinen inguruan, zein den onena, zaharrena, garestiena... Uste dut Photomuseumek duen indarra osotasuna dela. Badira garrantzi handiko materialak dituzten museoak, eta guk ere baditugu horrelakoak, baina osotasuna da gure indargunea. Museo hau bilduma bat da, eta egin duen ibilbidea bere meritua da, gure lana baita argazkigintzaren adar denak, edo gehienak, azaltzea. Zeren, gaur egun, argazkigintza esaten dugunean, gauza askoz ari gara. Garai batean, argazkigintzari buruzko museoa zela esaten genuenean, jendeak pentsatzen zuen argazki zaharrak erakusten genituela; lehenengo kolpean, ez zuten argi zerekin egingo zuten topo. Eta bai, erakusten ditugu halakoak, baina berriak ere bai. Bestalde, erakusketa iraunkorrean argazkigintzaren garapena azaltzen dugula –kamera zaharrekin, hainbat tresnarekin...– ikusi zutenean, zera esaten zuten: "Hara, museo bat da!".

32 urte asko dira. Zenbateraino puztu da erakusketa iraunkorrean erakusten duzuen materialaren bilduma?

Entitate txiki bat gara, eta ez dugu, beste batzuek bezala, erosketen politika zehaztuta. Ahalegin berezia egin behar izaten dugu. Bere garaian bilduma asko aberastu genuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa fundazioaren elementu batzuk gehitu baigenituen.

Bizi izan al duzue une zailik?

Fundazio txiki batek bizitzen dituenak. Beti daude, nola ez, krisiaren ondoriozko murrizketak...

Kulturak, Euskal Herrian badu errenka ibiltzeko ohitura…

Bai, batzuetan errenka ibiltzea ez zaigu arraroa egiten. Pandemiaren garaia, adibidez, ez zen batere erraza izan. 

Villa Manuelan dago museoa, historikoki hezkuntzara bideratu izan den eraikinean. Santa Ursula eskola izan zen lehenik, La Salle gero eta euskaltegia segidan. Gaur-gaurkoz, zer ikasten du jendeak Villa Manuelan?

Gaur egun hona etortzen denak argazkigintzaz ikasiko du. Argazkilari batek honakoa esan zidan: "Ostras, orain badakit zer den argazki kamera bat!". Argazkilari sonatu samarra zen bera. Gizakiari beti gustatu izan zaio irudia lantzea, bilatzea, kolorea ematea... Hemen, esplikatzen dugu hori guztia nondik datorren, eta gainera, historiaren kapitulu batzuk ematen ditugu. Nagusiki, hiru ardatz lantzen ditugu, kronologikoki ordenatuta: argazkilaritza dokumentala, artistikoa eta soziala edo. Horri guztiari zentzua ematen saiatzen gara. 2006an zinemako elementu batzuk ere gehitu genituen, zeren argazkitik dator hori ere. Eta teknikaren historia azaltzen dugu, noski: aurreneko dagerrotipotik gaur egungo argazkigintza digitalera arteko bidea ikus daiteke. 

Argazkigintzaren tripak, beraz.

Nik ez dakit kotxe batek nola funtzionatzen duen. Badakit tartean behin likido bat bota eta ordaindu egin behar izaten dutela, giltza bat sartzen dela ere bai, eta martxan jartzen dela. Gauza bera gertatzen da argazki kamerarekin, baina argazkigintzak ematen duena ulertzeko aukera dago Photomuseumen. Garai batean, jende pila aritu zen irudia finkatzeko asmakizunaren bila, eta lortu zuten. Hasieran, kamerak oso garestiak ziren, baina merketu ziren denborarekin. Gero, Kodak-ekin beste maila batera iritsi zen kontua, eta gaur egun begira nola gauden. Eskoletako neska-mutilekin zera gertatzen zaigu: duela 30 urte karretea aipatzen genuenean, jakiten zuten zer zen, albumak zer ziren ere bai, etxean ikusten zituztelako. Gaur egun, ordea, ez dakite zer diren horiek. Pentsa urte gutxitan zenbat aldatu den argazkigintza.

Edonork argazkiak egin ditzakeen garaiotan, argazkilaritza profesionala gutxietsi egiten al da?

Argazkigintzak bere nortasuna mantentzeko erronka handia du gaur egun.

32 urteotan ikaragarri aldatu da argazkilaritza, eta aldatzen ari da orain ere. Imajinatu al ditzakezu museoan adimen artifizialak sortutako edukiak ala azkurea eragingo lizuke horrek?

Adimen artifizialarekin erakusketa bat egin dugu aurten. Museo handi bateko zuzendariari entzuna diot adimen artifizialak oraindik ez duela artea egitea lortu. Isabel Muñoz argazkilariak, berriz, zera esan zuen: "Nik ikusleari galdetuko nioke. Esan dezala aurrean duen irudiak zerbait esaten dion, zerbait adierazten al dion".

Marra gorririk ez, beraz.

Ez, ez.

Fokuratuta al dituzu aurrera begirako erronkak?

Aurrera jarraitzea. Ez dago besterik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide