Xapokeitan lehiaketaren hirugarren edizioa iritsi da. Abenduaren 1ean Sanagustin kulturgunean grabatutako saioa gaur, 21:00etan, botako dute Guka Telebistan. Astelehenetik aurrera, berriz, azpeitiaguka.eus webgunean ere ikusgai egongo da.
Euskara eta Azpeitia ardatz dituen lehiaketa da Xapokeitan, Azpeitiko Udalak eta Gukak elkarlanean sortua. 2023. urteko martxoan egin zuten jokoaren lehen ekinaldia, helduen bertsioa, eta horren ondoren, haurren bertsioa; iaz bigarren edizioa egin zuten ikastetxeetako ikasleekin. Bi urteetako arrakasta ikusita, aurten hirugarren edizioa egitea erabaki dute sustatzaileek, eta hilaren 1ean grabatu zuten telebista saioa Sanagustin kulturgunean.
Izarraizpe, Ikasberri eta Iraurgi ikastetxeetako LH6. mailako hiruna ikaslek parte hartu zuten Mireia Galarza eta Ignacio Arakistain aurkezleek gidatutako lehiaketan, nola ez, publikotik dozenaka ikaskide begira zituztela. Finala jokatu duten hiru hirukoteak honako hauek izan dira: Oihan Oiartzabalek, Paul Rotetak eta Amir Omarok Lagunek taldea osatu dute, Neskak taldea Jone Mendizabalek, Izeia Aranburuk eta Haizea Arrarasek; eta Onenak taldea Naike Azurmendik, Alex Aramendik eta Niko Baile Etxanizek. Azpeitiaren inguruan jakinduria gehiena duen hirukote irabazlea zein den gaur gauean jakin ahalko dute azpeitiarrek, 21:00etatik aurrera, Guka Telebistan.
Egitasmoarekin bat
Udalak eta Gukak 2023an sortu zuten Xapokeitan lehiaketa, eta iaz herriko ikastetxeek bat egin zuten egitasmoarekin. "Hizkuntzaren bidez jolas egitea eta herri izaeraren eta kulturaren transmisioa ahalbidetzea dira helburu nagusiak. Euskara ama hizkuntza dugunontzat ez ezik, euskarara gerturatzen ari diren haur eta gaztetxoentzat hurbilketa egiteko bidea izatea nahiko genuke lehiaketa, hizkuntza ikasgelatik atera eta jolas modura landuz", azaldu du Aitor Larrañaga Euskara zinegotziak.
"Esperientzia berezia dela uste dut, eta familia osoak gozatzeko plan ederra!"
Ikastetxeetako ordezkariak ere gustura agertu dira Xapokeitan lehiaketak ikasleei eskaintzen dizkien onurak tarteko: "Herriko oinarrizko ezagutzak ikasteko baliagarria da jolasa, eta urtetik urtera indarra hartzen ari dela esango nuke. Ikasleentzat esperientzia berezia dela uste dut, eta familia osoak gozatzeko plan ederra!", azaldu du Izarraizpeko Lehen Hezkuntzako zuzendari Mikel Olaizolak.
"Gurea denaren kontzientzia hartzen laguntzen du lehiaketak"
Iraurgiko HHko eta LHko koordinatzaileak diren Ana Zendoiak, Maialen Bastidak eta Maialen Sudupek nabarmendu dute ikasleek bertakotasunaren kotzientzia hartzeko baliagarria dela Xapokeitan: "Ikasleentzako oso motibagarria da, eta lehiaketaren bidez gure herriarekiko begirada lantzen eta zaintzen dela iruditzen zaigu. Gurea denaren kontzientzia hartzen laguntzen du jokoak, eta hori gehiago zaintzen".
"Inbertsio pedagogiko eta sozial bikaina da, eragin positiboa du"
Mari Azkue Ikasberriko LHko arduradunak hezkuntzaren arlo guztien elkarlana azpimarratu du: "Eskola, familia eta herria norabide berean lanean ari direla erakusten du Xapokeitanek. Horrelako ekintzak inbertsio pedagogiko eta sozial bikaina dira, eta epe luzera eragin positiboa bermatzen dute".
Herriko ikastetxe guztien parte hartzea garrantzitsua dela uste du Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak: "Herriko ikastetxeetako haurrak elkarrekin eta nahasirik egotea interesgarria da. Herriko curriculuma (Azpetia Ezagutuz) duela hamabi urtetatik lantzen dute ikastetxeetan. Material horren bidez, Azpeitiko ondarea eta historia jorratzen dituzten arren, beste jauzi bat dela uste dugu Xapokeitan lehiaketa".