Nahia Olaizolak zilarrezko domina eskuratu du Espainiako Txapelketan

Ihintza Elustondo 2025eko abenduaren 22a

Nahia Olaizola patinatzailea. (Utzitakoa)

Izotz gaineko patinaje artistikoko Espainiako Txapelketa jokatu berri dute Jacan, eta azpeitiarrak bigarren postua eskuratu du senior kategorian. 19 urteko gaztea lehen aldiz lehiatu da maila horretan, eta "oso pozik" dago lorpenarekin. 

Nahia Olaizola patinatzaile azpeitiarrak zilarrezko domina eskuratu du izotz gaineko patinaje artistikoko Espainiako Txapelketan, emakumezkoen senior kategorian. Gaur egun, 19 urte ditu Olaizolak, eta aurten estreinatu da senior kategorian. Estreinaldian ongi baino hobeto moldatu da, beraz, eta "oso pozik" dago lorpenarekin.

Joan den asteburuan jokatu zuten izotz gaineko patinaje artistikoko Espainiako Txapelketa Jacan. Olaizola Donostiako Txuriberri klubeko patinatzailea da, eta sekulako erakustaldia emanda, zilarrezko domina lortu zuen lehian. Programa motzean nahiz ariketa librean bigarren puntuaziorik onena eskuratu zuen azpeitiarrak. Sailkapen orokorrean, Ariadna Gupta katalana gailendu zen, eta haren atzetik sailkatu zen Olaizola. 

Txiki-txikitatik aritzen da Olaizola patinaje artistikoan. 8 urterekin, Donostiako Txuriberri klubean sartu zen, eta ordutik talde horrekin aritzen da. Hemen irakur daiteke hedabide honek patinatzaileari 2019an egindako elkarrizketa. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide