Espainiako Federazioko Lehen Mailako aurreneko itzulia amaituta, arabarrak bigarren dira sailkapenean. Bartzelona B taldea lehen postuan da, baina, ezin denez maila gorenera igo, gaur-gaurkoz Alaves igoko litzateke zuzenean. Bederatzi puntura du hirugarren sailkatua: Valentzia. Orain, baina, liga alde batera utzi, eta Espainiako Kopan dute arreta osoa. Bartzelona talde handiaren aurka neurtuko dituzte indarrak Ibaian, igandean (19:00).
Bartzelona aurkari zaila da, baina, aldi berean, polita izango da haien kontra jokatzea...
Final-hamaseirenetako partida Levante Lehen Mailako taldearen aurka irabazi genuenean, bagenekien final-zortzirenetan partida zaila edukiko genuela, joan den denboraldian maila nagusian aurreneko zortzi postuetan geratu diren taldeak direlako. Ikusita zeinen aurka joka genezakeen, batzuek nahiago zuten bat edo beste, baina, azkenean, Bartzelona tokatu da. Egun polita izango da, esperientzia ederra baita munduko talderik onenaren aurka jokatzea. Ilusioz gaude partidarako.
Zuk noren aurka jokatu nahi zenuen? Realaren kontra?
Reala hortxe zegoen, bai… Realeko batzuek esan zidaten: "ea tokatzen zaigun elkarren aurka". Ilusioa piztuko zidan haien kontra jokatzeak, baina ez nuen lehentasunik.
Denboraldi honetan Realak irabazi egin dio Bartzelonari Zubietan. Ikusi zenuen partida hori?
Bai, eta, gainera, poz handia hartu nuen. Asko poztu nintzen taldekide ohiengatik. Partida borobila jokatu zuten. Bartzelonari irabazteko ez du bakarrik norberak ondo jokatu behar, haiek ere ez dute hain ondo jokatu behar eta huts egin. Eta horrelaxe izan zen. Sekulako meritua izan zuten.
Litekeena da neurketan haiek baloia edukitzea eta zuek atzean sartzea.
Bai. Bartzelonaren aurka badakizu haiek edukiko dutela baloia, eta defentsan oso indartsu egon behar dugu. Munduko talderik onena da. Haiek ohituta daude baloia izaten, eta oso ondo mugitzen dute batetik bestera. Zuk egindako huts bat garesti ordain dezakezu, eta horregatik, huts gutxi egin behar ditugu, eta, aukerak izaten baditugu, sartu, gutxi izango ditugu eta. Eraginkorrak izan behar dugu: huts gutxi egin, eta neurketaren xehetasunak zaindu behar ditugu; bestela, zaila izango da irabaztea.
Partida bakarrera da. Zaila da, baina ez ezinezkoa.
Bai, futbolak horixe du polita: edozer gerta daitekeela. Guk ahal den ondoen egingo dugu. Gauzak zail jartzen saiatuko gara, haiek gogotik lan egin dezaten guri irabazteko. Defentsan orain arte oso ondo gabiltza: gol gutxi jaso ditugu. Orain egiten ari garen hori Bartzelonaren aurka egin behar dugu, erronka handia izango den arren. Saiatuko gara golik ez jasotzen, edo, behintzat, ahal den gutxien jasotzen.
Elkarrizketa osorik Berria.eus webgunean.