Olentzerok eta Mari Domingik egin dute herrira lehen bisita

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 19a

Gaur hartu dituzte Gabonetako oporrak herriko ikastetxeetan, eta azken eskola eguna izanik, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izan dute horietan. Baserritar jantziak soinean zituzten umeen ilusioa piztu dute bi pertsonaiek. Abenduaren 24an itzuliko dira, Gabon egunez.

Ilusioa. Horixe pizten duten haurrengan Olentzerok eta Mari Domingik, eta gaur izan dute herriko ikasle gaztetxoenek horien lehen bisita. Izan ere, Iraurgi ikastetxera eta Izarraizpe ikastolara goizez joan dira bi pertsonaiak, eta arratsaldean, berriz, Ikasberri ikastolara. Umeek gogotik gozatu dute haien bisitarekin, eta gainera, opor aurreko azken eskola eguna izanik, baserritar jantziak soinean, jolaserako nahiz txorizo pintxoak jateko aukera ere izan dute horiek.

Gaurkoa lehen bisita izan da, ordea; abenduaren 24an, Gabon egunez, berriz izango dira herrian Olentzero nahiz Mari Domingi. San Martin egoitzaren aurretik aterako dira horiek 12:30ean, eta Alde Zaharrean barrena ibiliko dira; ekitaldia plazan bukatuko da.

(Argazkiak: utzitakoak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide