Arauntza Riders, Izarraitzeko nesken taldea eta Ilunpeko boluntarioek jaso dute urteko kirol aitortza

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 20a

Azpeitiko Udalak atzo banatu zituen Urteko Kirolaria eta Urteko Boluntarioa sariak, Sanagustin kulturgunean. Sari bakoitzerako hiruna hautagai aukeratu zituen epaimahaiak, eta 450 bat lagunek eman dute sariak zeini eman erabakitzeko boza.

Azpeitiko Udalak atzo iluntzean banatu zituen 2025eko Kirol Sariak. Sanagustin kulturgunean egin zuten ekitaldia, Nerea Arakistainek gidatuta, eta hiru sari banatu zituzten: Urteko Kirolaria saria gizonetan, Urteko Kirolaria saria emakumeetan eta Urteko Boluntarioa saria.

Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza ekitaldiaren hasieran, eta Azpeitian kirolerako dagoen afizioa eta kirol eskaintza aipatu zituen. Hark adierazi zuenez, kirolak, baina, ez du bere kasa funtzionatzen: "Gurpilak martxan jarraitzeko beharrezkoak dira azpiegitura egokiak eta laguntzak ematea, eta konpromiso hirukoitza azaldu beharra dago horren aurrean; kirol instalazioak hobetzea, kirol taldeekin harreman zuzena edukitzea eta herritarrek kirola eskuragarri izatea".

Arakistainek sariak hautatzeko prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen gero eta banan-banan aurkeztu zituen sarietarako hautagaiak, baita hautagai bakoitzak aurten egindako balentriak azaldu ere. Sari bakoitzerako hiruna hautagai aukeratu zituen epaimahaiak, eta hain zuzen, herritarrek izan dute azken hitza: 450 bat lagunek eman dute sariak zeini eman erabakitzeko boza.

Lehenik Urteko Boluntarioa saria banatu zuten. Ilunpe pilota elkarteko zuzendaritza batzordea, Izarraitz igeri elkarteko Julen Esteban eta Lagun Onakeko delegatu Jose Mari Perez ziren hautagaiak. Ilunpe pilota elkarteak jaso zuen oroigarria, urte luzez taldea aurrera ateratzeko egindako lanagatik. Saria jasotzera Xabier Aldalur Ilunpeko kidea igo zen agertokira, eta hark jakinarazi zuen elkartearen zuzendaritza batzordean errelebo aldaketa izan dela. Horregatik, azken hamar-hamabi urteetan boluntario talde hori osatu dutenei aitortzak "ilusio berezia" egin diela esan zuen. "Orain dela hilabete batzuk iragarri genuen moduan, elkartea aldaketa edo trantsizio fase batean dago. Azken hamar-hamabi urtetan boluntario taldea osatu dugunok laga egingo dugu, eta hurrengo belaunaldiak dagoeneko hasi dira lanean. Beraz, urteotan bizi izandakoak berriz gogorarazteko balioko digu aitortzak", esan zuen.

Urteko Kirolaria sariak banatu zituzten segidan. Gizonetan, Arauntza Riders, Unai Marrero Realeko atezaina eta Gorka del Cid pilotua ziren hautagaiak, eta Arauntza taldeak jaso zuen oroigarria, azken urteetan egindako lanagatik eta mendi bizikletako hainbat probatan erdietsitako lorpenengatik. Talde horretako kide Iñigo Garciak hartu zuen hitza, eta esker hitzak izan zituen udalarentzat, Azpeitiko kirolariei eta kirolari balioa emateagatik. Arauntza Riders herritik eta herriarentzat proiektua dela eta beren jarduna "herriari lotuta" ulertzen dutela azaldu zuen. Taldearen oinarriak mendia, kirola eta komunitatea direla ere zehaztu zuen. 2026-2030 epe tartean Urola Erdian trail sare sendoa osatzeko erronka dutela adierazi zuen, eta Azpeitiko mendi bizikleta maparen erdigunean kokatu nahi dutela jakinarazi.

Emakumeetan, berriz, Maite Etxezarreta lasterkaria, Izarraitz igeri elkarteko absolutu mailako nesken taldea eta Malen Astigarraga Lagun Onakeko futbolari ohia ziren hautagaiak, eta Izarraitzeko neskek jaso zuten Urteko Kirolaria saria. Euskal Herriko Kopan mantentzea lortu dute horiek, Hego Euskal Herriko zortzi talde onenen artean sartzea, bosgarren postua lortuta. Taldekide denak igo ziren agertokira: Inge Kabue, Janis Altuna, June Amenabar, Malen Ezama, Aroa Azkune, June Larrañaga, Oihana Otaegi, Ana Agirrezabalaga, Laia Elortza eta Uxue Etxeberria. Elortzak hartu zuen hitza denen izenean, eta esker hitzak izan zituen: "Guretzat ohorea da saria jasotzea, lortutakoaren atzean lan handia eta entrenamendu asko daudelako. Gainera, Izarraitzi eskerrak eman nahi dizkiogu, talderik gabe hau dena ez zelako posible izango".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide