Azpeitiko 44. Dantza Suelto Txapelketa irabazi dute Jone Arriaranek eta German Aranburuk

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 22a

Hemezortzi dantzarik parte hartu zuten San Tomas eguneko Dantza Suelto Txapelketan, horietatik bost Azpeitikoak. Fandangoa eta arin-arina dantzatu ostean, German Aranburuk eta Jone Arriaranek osatutako bikoteak bururatu zuen lehiaketaren 44. edizioko txapela.

Etxean jokatutako txapela etxekoek jantzi zuten atzo arratsaldean, San Tomas eguneko 44. Dantza Suelto Txapelketan. German Aranburu eta Jone Arriaran Azpeitiko dantzariek irabazi zuten Soreasu antzokian jokatu zen lehiaketa.

Gipuzkoako bederatzi dantzari bikotek parte hartu zuten 18:30ean hasi zen lehiaketan, eta Soreasun oholtzaratu ziren hemezortzi dantzarietatik, zortzi dira Azpeitikoak. Honako bikoteak aritu ziren lehian: Endika Osa eta Ane Jaunarena (Lezo), Danel Castillo eta Irati Larrañaga (Pasai Donibane-Andoain), Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru (Azpeitia), Mikel Esnaola eta Ihintza Erauskin (Lezo), Jon Alkain eta Bidatz Manterola (Orio), Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia), German Aranburu eta Jone Arriaran (Azpeitia), Ane Lazarobaster eta Laiene Ezama (Azpeitia), eta June Izagirre eta Jare Labaka (Azpeitia).

Dantzari bikote bakoitzak fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten; fandangoa Izarraitz txistulari taldekoen doinuekin eta arin-arina Oskar Estanga eta Aitziber Estanga trikitilarien doinuekin. Txapelketako epaimahaia Arantxa Garin (Oiartzun), Karlos Sarriegi (Hernani) eta Nahikari Vizueta (Lezo) osatutakoa izan zen, eta idazkari Esti Iturria (Errenteria) aritu zen. Horien guztien erabakiz, German Aranburu eta Jone Arriaran Azpeitiko dantzariek bildu zituzten puntu gehien, eta haiek eraman zuten txapela etxera.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide