Alde Zaharreko herritarren "espazio faltari" konponbidea ematea helburu, trasteleku komunitarioen egitasmoa martxan jarri zuen iaz Azpeitiko Udalak, eta prozesua amaituta, Enparan kaleko nahiz Erdikaleko lokal banatan egokitu dituzten trastelekuak erabilgarri dituzte aurrez eskaera egin zuten herritarrek. Lokal horietan 27 trasteleku egokitu ditu udalak, eta erakundeak plazan eskuratu zuen eraikinean, berriz, beste 15 eraikitzeko asmoa du. Urtarrilean hasiko dituzte plazako eraikineko obrak.
2024ko apirilean iragarri zuen udalak trasteleku komunitarioen proiektua martxan jarriko zuela, eta herritarrek erakutsi duten "interes handiak" hauspotuta, prozesua azkar osatu du erakundeak, Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola zinegotziak gaur, astelehena, azaldu dutenez.
Alde Zaharreko bizilagunekin bilerak eginez eta haien beharrak ezagutzeko galdetegi bat prestatuz hasi zuten prozesua. Horri esker, jakin ahal izan zuten zein kaletan bizi diren trastelekua behar zuten herritarrak, gertutasunari zenbateko garrantzia ematen dioten, trasteleku itxiak edo irekiak behar dituzten, eta funtsean, zenbat trasteleku behar zituzten eskatzaile guztien beharrak asetzeko.
Atzetik, deialdi ireki bat egin zuen erakundeak, Alde Zaharrean lokalen bat izan eta udalari alokatzeko interesa izan zezaketen herritarrei zuzenduta. Auzotarrek adierazitako beharrak kontuan hartuta, hiru aukeratu zituen, eskaera guztiak ase ahal izateko. Enparan kalean, Erdikale eta Elizkale artean eta plazan daude lokal horiek. Enparan kaleko lokalak 17 trasteleku ditu, Erdikale eta Elizkale artekoak 10; eta plazarako, hamar, eta plazakoak 15. Denak ez dira neurri berdinekoak, baina 6 eta 8 metro koadro artean dituzte guztiek ere.
Plazakoa da udalak erosi duen lokal bakarra, eta bertan trastelekuak eraikitzeko lanak urtarrilean hasiko dituztela jakinarazi dute. Gainontzeko bi lokalak zortzi urterako alokairu kontratuen bidez eskuratu ditu udalak, eta epe berdineko kontratua eskaini die maizterrei.
Lehenengo deialdian, 34 herritarrek egin zuten trastelekua izateko eskaera –8k plazan, 10ek Erdikalean eta 14k Enparan kalean–, eta guzti-guztiei esleitu die trastelekua udalak. Hiru lokalen artean, 10 trasteleku daude esleitzeke, eta prozesua martxan zegoela izena eman zuten beste 23 herritarren artean zozketa egingo dute horiek lizitatzeko.
Gainontzean, esleipena jaso zuten herritarrek alokairu kontratua sinatu dezakete gaurtik aurrera, eta berehala trastelekuak erabiltzen hasi. Kontratu horren arabera, hilean 25 euro edo urtean 300 euro ordaindu beharko dute maizterrek trastelekuak erabili ahal izateko.