Barakaldoko erailketa matxista salatzeko elkartu dira plazan dozenaka lagun

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 22a

Hainbat lagun, Urola Erdiko Itaiak Azpeitian deitu duen elkarretaratzean. (Maialen Etxaniz)

Barakaldoko hilketa matxista salatzeko Urola Erdiko Itaiak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute dozenaka lagunek gaur arratsaldean. Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean mobilizatu dira.

Barakaldoko (Bizkaia) hilketa matxistaren berri izan eta berehala mobilizazioa deitu du Azpeitian Urola Erdiko Itaiak. Dozenaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin, eta jendetza bildu da 19:00etan plazan, Indarkeria matxistari aurre egin! idatzita zuen pankartaren atzean. 2025ean Euskal Herrian kontabilizatu diren zazpigarren hilketa matxista da Barakaldokoa. 

Igande goizean emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat hartu du hilketa. Momentuz, Ertzaintzak ez du konfirmatu hilketa matxista izan denik, eta kasua ikertzen ari da.

Bestalde, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren protokoloarekin bat eginez, bihar mobilizatzera deitu du Azpeitiko Feministen Sareak. Barakaldoko hilketa salatu eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dute 19:00etan plazan egingo duten elkarretaratzean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide