Larunbat honetan Larraintzarren (Nafarroa) hasiko dituzte Ados Pilotak antolatutako V. Binakako Txapelketaren partidak, eta hilaren 28an final handia jokatuko dute Azpeitian, pilota elkarteko arduradunek gaur, asteartea, Azpeitiko Udalean eman duten prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.
Maratoi bat dute zain Binakako Txapelketan parte hartuko duten hogei pilotariek. Ohi bezala, bi mailatan jokatuko dutel lehiaketa; lau bikote ariko dira promozio mailan, eta zortzi maila profesionalean. Larunbat honetan hasita, 26 udalerritan jokatuko dituzte partidak, Aizarnazabalen eta Zestoan, besteak beste. Hortaz, 46 partida izango dira guztira, eta Azpeitiko finalak erabakiko du zeintzuk izango diren txapelen jabeak. "Badago, beraz, zer ikusi eta zer jokatu", nabarmendu du Iera Agirre Adoseko pilotari eta ordezkariak.
Joan-etorriko liga jokatuko dute promozio zein profesional mailetako pilotariek. Promozio mailakoen kasuan, lau bikotek parte hartuko dute, hastapeneko fasean, eta horretan lehenengo sailkatuko den bikotea zuzenean pasatuko da finalera, eta bigarren zein hirugarren egingo duten bikoteen arteko finalaurreko partidak erabakiko du zein izango den hilaren 28an jokatuko duen bigarren bikotea.
Honakoak izango dira promozio mailan parte hartuko duten bikoteak: Arruti-Alberro, Iriarte-Ernaga, Gomez-Sotil eta Sagardui-Etxeberria.
Profesionaletan, berriz, zortzi bikote arituko dira lehian: Aranburu-Mendiburu, Iturriaga-Orbegozo-Oskoz-Arrastia, Gomez-Agirre, Perez-Barrokal eta Mujika-Ruiz de Larramendi izeba-ilobak. Azken bikote horrek ekarriko du nobedadea txapelketara, Maite Ruiz de Larramendi aurrelari gisa arituko baita aspaldiko partez. Kasu honetan, finalerdiak ohiko eran jokatuko dituzte: lehenengo bikote sailkatuak laugarrengoaren kontra jokatuko du, eta bigarrenak hirugarrenaren kontra.
"Duin aritu daitezen"
Azpeitiko Udalak emakumezkoen pilotarekin aspalditik erakutsi duen konpromisoa eskertu dio Iera Agirrek. Azaldu duenez, Ados Pilota elkartearen helburu nagusia da "emakumeek pilotan modu duin batean ari daitezen bultzatzea", eta nabarmendu du Azpeitiko Udala lagun izan duela bide horretan.
Halaber, Ion Oteiza Kiroletako zinegotziak adierazi du herriarentzat garrantzitsua dela Binakako Txapelketaren finala hartzea. "Batetik, pilotarekiko zaletasuna bultzatzeko, eta bestetik, neskak frontoira gerturatu daitezen bultzatzeko. Zeren, erreferenteak izatea garrantzitsua da", agertu du.