Gabon egunez ohikoa den moduan, Azpeitiko Sarek deituta, elkarretaratzea egin dute euskal presoak, iheslariak eta deportatuak gogoan. Hainbat herritar elkartu dira plazan, Ezin da gehiago luzatu. Etxera zioen pankartaren atzean.
Azpeitiko Sarek adierazi duenez, abendua "alaitasunarekin, opor eta festarekin" lotzen da, baina batez ere, "bukaerarekin". "Urtea bukatzen da, enpresek kontuak ixten dituzte, saltokiek balantze ekonomikoak, langileek armairuak (takillak), politikariek legebiltzarrak, komunikabideek urtekariak, ikastetxeetan ikasturteko lehen hiruhilekoa... Bukatu, itxi, aro berri bati ekiteko". Urtarrilak, berriz, irekiera eta hasiera adierazten dituela nabarmendu du Sarek. "Urte ekonomikoa, gimnasioak, dietak, harremanak, lanak, kirolak, aurrezkiak, familia, lagunarte eta auzo proiektuak, hasten ditugu edo prestatzen ditugu".
Gaurko elkarretaratzean bildu direnek, dena den, badute "itxi ezin" duten, "bukaera eman ezin" dioten zerbait. "Hemen bildu garenok hasi nahiko genuke zerbait. Zerbait ireki nahi eta ezin dugu. Berria hasteko, irekitzeko, zaharra bukatu, itxi egin behar delako. Gutako batzuk ezagutu ditugu torturak. Eta ezagutu ditugu maila eta soldata igoerekin saritu dituzten torturatzaileak. Ezagutu ditugu espetxeak: barrutik eta kanpotik. Ezagutu ditugu kolpeak, mehatxuak, zigor ekonomikoak. Eraman zizkiguten batzuk eta gorpu itzuli. Bisitan atera beste batzuk, eta ez ziren itzuli. Gutako batzuk ez dugu erailketarik bizi, baina ongi aski dakigu egon direla. Kontatu digute ingurukoek. Entzun dugu komunikabideetan. Irakurri dugu sarean. Sentitu ditugu kaleak, borborka batzuetan. Gutako batzuk ez gara espetxean inoiz egon. Ez dugu senide edo lagun presorik. Baina badakigu badaudela. Badaude pultserak, lan baimenak, hirugarren graduak, baldintzapeko askatasunak. Eta badaude noiz aterako diren ez dakigun presoak".
Bilbora joateko deia
Sufrimendu horrekin "bukatu" nahi dutela adierazi dute gaurko protesta ekitaldian. "Bada garaia. Garaia da. Presoak etxean, presoak kalean nahi ditugu. Nahikoa ordaindu dute. Nahikoa eta gehiegi". Gaur elkartu diren gazte, zahar eta helduak lotzen dituen zerbait badela esan dute: "Arbitrarietatearekin eta injustiziarekin bukatu nahi dugu. Ateak irekitzeko elkarbizitzari, elkarrizketari eta eztabaida osasuntsuari".
Hala eta guztiz ere, legeak egin edo legeak betearazteko eskumenik ez dutela azaldu dute. Baina zerbait badutela nabarmendu dute: "Gure desioak, nahiak, gorputzak, haserreak, pozak. Hainbeste aldaketaren motor eta protagonista izan direnak. Hainbeste lorpenen jabe. Honaino ekarri gaituztenak. Bilboraino eramango gaituztenak. Eta Bilboko kaleek, Bilboko deiadarrek, Bilboko milaka borondateek eraman ditzatela arduradunak legeak betetzera, justizia egitera, presoak etxera ekartzera. Etxea merezi, nahi eta behar dutelako".
Hori guztia esanda, urtarrilaren 10ean Bilbora joateko deia egin du Azpeitiko Sarek. "Etxean merezi, nahi eta behar ditugulako", aipatuz amaitu dute elkarretaratzea.
