Haurrentzako eta helduentzako film bana emango dituzte igande arratsalde honetan Soreasu antzokian. Super Charlie haurrentzako animazio lana 16:30ean eskainiko dute, eta Los domingos, berriz, 19:30ean. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, eta emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere bai.
Super Charlie lanak hamar urte dituen Wille pertsonaiaren istorioa kontatzen du. Superheroia izatea du amets, eta bere aitarekin batera, gaizkileen kontra aritzea. Hala ere, Charlie anai gaztearen jaiotza oztopo izango da bere ametsak betetzeko. Ez soilik arreta guztia hari eskaintzen diotelako, botereak dituelako baizik.
Los domingos filmak Ainararen bizitza zein den erakutsiko du. Protagonista 17 urteko gazte idealista eta bikaina da, eta hark unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki beharko du lehenbailehen; edo, behintzat, hori espero du bere familiak. Ezustean, ordea, Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela esango du Ainarak, eta klausurako mojaren bizitza egin edo ez hausnartzen hasiko da. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa. Nagore Aranburu Azpeitiko aktoreak parte hartzen du Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako pelikulan.