Txantreako Konpartsak (Iruñea, Nafarroa), Amalurra izeneko ikuskizun berria taularatuko du bihar, 16:30etik aurrera, Soreasu antzokian. Emanaldiak musika, antzerkia eta dantza uztartzen ditu, eta euskal mitologian murgilduko ditu ikusleak. Sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean edo egunean bertan, txarteldegian, eskura daitezke, 13 euroren truk.
Amalurra ikuskizunaren istorioa baso ezezagun batean kokatzen da. Bertan bizi dira euskal mitologiako izaki batzuk, galtzagorriak, sorginak edo Amalurra, besteak beste, eta basoak bizirik iraun dezan lan egiten dute elkarrekin. Alta, gau batean, ehizan ari diren bi baserritar agertuko dira basoan galduta. Haien jarrerek gizakien eta mundu mitologikoaren arteko liskarra sortuko dute.