Azpeitiko Feministen Sareak eta San Martin egoitzako langileek elkarretaratzea deitu dute gaurko, 19:00etan plazan, Gabon gauean Azkoitia eta Azpeitia artean izandako eraso matxista gaitzesteko. Erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazi diote. "Bat erasotzen dutenean, denok erasotzen gaituzte!", adierazi dute.
Aipatutako bi taldeek deitutako elkarretaratzeari atxikimendua adierazi diote Urola Kostako LABek nahiz Azpeitiko Udalak, eta mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Udalak babesa adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari nahiz haren gertukoei, eta emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dena gogorarazi du: "Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile".
Asteazkeneko 22:52ak aldera izan zen erasoa. Gizonezko batek lurrera bota zuen GI-631 errepidearen ondoan, Azkoitia parean, oinez zihoan 49 urteko emakume bati. Buru-berokia jantzita zuela, emakumea lurrera bota zuen, sexu erasoa egiteko asmoz, Ertzaintzak jakinarazi zuenez.
Andrazkoak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta berehala harengana gerturatu ziren hainbat pertsona. Gizonezkoak bizikletaz ihes egin zuen, baina atzetik kotxez jarraika zituen bi herritarrek geldiarazi zuten, Azpeitiko Loiolako basilikatik gertu. Herritarrek 60 urteko erasotzailea atxiki zuten Ertzaintzako agenteak iritsi ziren arte, eta poliziek komisaldegira eraman zuten.
Epailearen esku utzi arte, ertzain-etxean egongo da gizonezkoa, sexu askatasunaren aurkako ustezko delitu bat egiteagatik. Emakumezkoa, aldiz, ospitalera eraman zuten zauriak artatzera.